Zuzendaria: Julia Ducournau
Urtea: 2021
Herrialdea: Frantzia

-Konektatzeko modu bakarra talka egitea da-

Gizaki guztiok bezala, maitatzeko eta maitatua izateko premia du Alexiak ere, Titane filmeko protagonistak. Harrapatuta ikusiko du bere burua, ordea, metalaren zurruntasunean eta auto istripuen talka biolentoetan. David Cronenbergen body-horror unibertso berezi hartara hurbilduz ezartzen du metafora aurten Cannesen nagusitu den Julia Ducournauren filmak: aitarekin txikitan izandako auto istripu baten ondorioz, titaniozko plaka jarri zioten buruan protagonistari, post-gizaki bilakatu zelarik kasik, maitatzeko gai ez den titaniozko emakume garaikidea —ikusten denez, gama altuko automobilgintzan erabiltzen da metal hori, Chevrolet Corvetten ihes-hodietan adibidez, pisu gutxirekin zurruntasun handia omen du-eta—. Istripua izan eta gero, urte batzuk pasatu ondoren, auto tuneatuen gainean dantza erotikoak eginez aterako du bizimodua Alexiak (oraindik ere titanioaren mugetatik ezin eskapatuz). Eta era honetan, testosteronaz inpregnatutako garajeekin eta bertan erretratatzen dituen pertsonaiekin, Ducournauk erotismo matxistaren ondorioetako bat utziko du agerian: emakumeak bere gorputzarekiko izan dezakeen alienazioa, alegia, norberarena den haragia metalezko objektu bizigabea bihurtzeko arrisku hori. Zer esanik ez, maitatzeko eta maitatuak izateko ditugun giza ahalmen eta premiak guztiz itzali daitezke horrela, gurea den azala auto-lesioekin, auto-talkekin suspertzen saiatzeko punturaino.

“Konektatzeko modu bakarra talka egitea da”, zioen Cronenbergen Crash filmeko sloganak. Tarantinok Death Proofekin egin zuen bezala, Cronenbergek  70eko hamarkadako carsploitation izeneko zinema azpigeneroa (auto kolisioak eta emakumeak, biak era pornografikoan filmatzen zituen exploitation zinema) era kritikoan berrinterpretatu zuen, eta horretan jarraitzen du Ducournok ere. Beraz, baliteke zinemagilearen planteamendua horren berritzailea ez izatea, ezta Urrezko Palma lortzeko bezain lan biribila ere. Nire aburuz, filmaren azken zatiak ez dio hasierako indarrari eusten, eta erraz iragar daitekeen klimax klitxe xamarrak ez dakar ikusleari igurikitako azken talka hori. Hala eta guztiz ere, generoaren dekonstrukzioan zuzen jarraitzen du Ducournauk, carsploitation zinema generoarenean, alde batetik, eta mutil eta nesken gorputzak kategorizatzen dituen generoarenean, bestetik.

Gogora ekarri nahi nuke, azkenik, Judith Hermann psikologoak Trauma eta Sendatzea klasikoan jaso zuen Sharon Simonen testigantza gogorra. Aitaren eskutik intzestu-bortxaketaren biktima izan zen Simon, eta erreprimituta zuen umetako sexu-abusuaz jakitun egin zen momentua deskribatu zion Hermanni: “Bi hilabetez, gizonekin arrisku handiko jokoetan ibili nintzen kotxearekin autopistan, egun batean auto istripua izan nuen arte. Horrela egin nion garrasi neure buruari, gizonezko kamioilari hura ustekabean nire autoaren bidean sartzen saiatu zenean: «Ezta pentsatu ere! Ez duzu zakilik sartuko nire erreian». Ezerezetik irten zitzaidan! Danba! Horrelaxe!”. Simonen testigantzak, Hermannen esanetan, ondo islatzen zuen bortxaketen biktima izan diren askok momentu traumatikoaren gogortasunera itzultzeko (eta sinbolikoki hura birsortzeko) izaten duten premia inkontzientea. Hots, gertakizun traumatikoaren ondoren datorren intsentsibilizazioari auto-txoke terapiarekin aurre egiteko izaten duten joera. Zerbait sentitzeko beharra, auto istripu batekin bada ere.