Astebete iraun duen programazio anitz eta aberatsaren ondoren, asteburuan banatu dute Donosskino Donostiako Film Laburren Festibalaren palmaresa. Hogeitamar filmetik gora eskaini ditu jaialdiak, eta horien artean, Herbehereak eta Britainia Handiaren arteko Mirage koprodukzioak jaso du Film Laburrik Onenaren sari nagusia.

Sergio Arrospide aktore donostiarrak egin zituen ekitaldiaren aurkezle lanak, eta haren ahotik ezagutu genuen ere film sarituen zerrenda. Hala, 2020ko irabazle izandako Stay Awake, Be Ready filmari erreleboa hartuta, Sil van der Woerd holandarrek zuzendutako Mirage film laburrak eskuratu du bosgarren edizio honetako sari nagusia. Arrospidek azaldutakoaren arabera, “lanak agurraren minaren aurpegia erakusteko duen gaitasuna” nabarmendu zuten epaimahaikideek.

Daniel Cortázar zuzendari bilbotarraren El perro lanak jaso zuen Euskal film labur onenak bildu ohi dituen Etxean Shortuak ataleko sari nagusia, “diru kontuek gure portaeran duten eragina agerian uzteagatik”, eta bertako protagonista den Josean Bengoetxearen interpretazioa nabarmendu zuen epaimahaiak. Era berean, ikusleen saria ere “etxean” geratu zen, Estibaliz Urresolaren Polvo somos laburra izan baitzen Antzoki Zaharrean egindako saioetan boto gehien jasotako film laburra.

Gidoi onenaren sariak, aldiz, Elvira Lind zuzendariaren The Letter Room lana nabarmendu zuen. Oscar Isaac du protagonista film laburrak, eta Oscar sarien azken edizioan finalista izan zen. Bestalde, Ana Villa aktore asturiarrak jaso zuen interpretazio onenaren golardoa, Susan Bejarrek zuzendutako Distancia lanerako sortutako pertsonaiagatik. Hain zuzen, epaimahaikideek nabarmendu nahi izan zuten errealitateko ispiluaren aurrean jartzen gaituen emakume bati gizatasuna emateko erakutsitako gaitasuna.

K Saria

Palmares ofizialetik kanpoko sariak banatu zituzten ere Donosskino Vol.V.aren amaierako galan, besteak beste, sortu berri dituzten K Sariak. Zine klub eta festibalen arteko lankidetzaren ondorioz sortutako saria da, eta lurralde osoan zinema-proiektuak ikusaraztea du helburu.

Bada, lehen aldiz banatu zuten Donosskino jaialdiaren baitan, eta Georgi M. Unkovski mazedoniarrak sortutako Sticker filma izan zen garaile. Umorea eta kritika soziala oinarri hartuta, gaur egungo gizartea oso modu eraginkorrean islatzen duela nabarmendu zuten sariaren arduradunek, eta, gainera, produkzio lan ezin hobea dela eta solasaldi interesgarriak sortarazi ditzakeela.