Ikusle berriak zinema aretoetara erakartzeko helburua duen Zinemazale Berriak programaren saio berri bat egingo dute igandean, hilaren 10ean. Printze Txikia (Mark Osborne, 2015) animaziozko filma izango da ikusgai, gehiengoan EZAEren baitakoak diren 18 euskal aretotan. 

Jakina da pandemiak gogor kolpatu duela sektore kulturala. Horren baitakoa da zinema-aretoen kasua, non 2019 urteko emaitzekin alderatuta, 10 milioi euroko galerak izan zituzten, eta ikusleen kopurua % 65 baino gehiago murriztu zen. Egoerari itzulia emateko asmoz, EZAE elkarteak Zinemazale Berriak izeneko programa jarri zuen abian maiatzean, elkarteko zein bertatik kanpoko hemezortzi zinema aretorekin elkarlanean, eta urte osora luzatuko den emanaldi sorta atondu dute.

Ekimenaren helburua ikusle berriak zinema aretoetara erakartzea da, hala nola, haur eta gazteak, eta horretarako, Zineuskadi Elkartearekin elkarlanean, haien Zinema Euskaraz programaren bidez euskaratutako dozena bat proposamen bigarrenez estreinatuko dituzte. Emanaldiak asteburuetan egiten dituzte, goizetan, eta prezioa 2,9 eurokoa izan ohi da. Kultura zinematografikoa sustatzea, komunikatzea eta zabaltzea ere badira programaren helburuak, aretoak leku seguruak direla eta osasun-eskakizun guztiak betetzen dituztela komunikatzearekin batera.

Gipuzkoan bederatzi dira ekimenarekin bat egin dute aretoak, hala nola, Donostiako Principe eta Antiguo Berri, Andoaingo Bastero, Lazkaoko Areria, Errenteriako Niessen, Zarauzko Modelo, eta Zumarraga eta Beasaingo zinemak; Bizkaian, ostera, zazpi: Bilboko Multicines eta Golem Alhondiga, Getxoko zinema, Durangoko Zugaza, Bermeoko Nestor Basterretzea, Mungiako Olalde eta Muskizko Meatzari zinemak; eta Araban, azkenik, Gasteizko Gorbeia eta Florida aretoak.

Printze txikia

Printze Txikia (Mark Osborne, 2015) izango da asteburu honetarako film aukeratua, Le Petit Prince (Antoine de Saint-Exupéry, 1943) eleberri arrakastatsuaren egokitzapena.

Printze Txikiaren ametsetako mundura eramango gaitu. Izan ere, neskato batek etxean igaroko du uda, bere gelan ikasten, kurtso hasieran Werth Akademia ezagunean hastekoa delako. Bere amak prestatutako plan zorrotza jarraitzen ematen ditu egunak, gau batean, bizilagun arraro baten gutuna jasoko duen arte. Haren istorioen bidez Printze Txikiaren unibertsora bidaia egingo du.

Datozen emanaldiak

Aurrez aipatu bezala, urte osorako luzatuko da emanaldien programazioa. Honakoa duzue datozen estrenaldien egutegia:

  • Urriaren 17an, Link (Chris Butler)
  • Urriaren 24an, Pokemon – Pikachu detektibea (Rob Letterman)
  • Urriaren 31n, Tom eta Jerry (Tim Story)
  • Azaroaren 7an, Elfkinak (Die Heinzels eta Rückkehr der Heinzelmännchen)
  • Azaroaren 14an, Smallfoot (Karey Kirkpatrick)