Zinemaldia + Plus fokuan hamar film labur proiektatuko dituzte, Nest lehiaketaren 20 urteko ibilbidean parte hartu duten 300 film laburren artean hautatu dituztenak. Tabakalerako pantaila partekatuan egingo dituzte saioak, eta bosna film izango dira ikusgai urriaren 9an eta azaroaren 6an.

NEST, Donostia Zinemaldiak mundu osoko ikasleen film laburrei eskainitako sail lehiakorrak, bi hamarkada beteko ditu 2021ean. Urteurrenaren karietara, programazio berezia antolatuko du jaialdiak: 69. edizioaren egitarauaren baitan eta, Zinemaldia+ Plus programaren bidez, urrian eta azaroan zehar egingo diren ekintza sorta.

Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatua, NEST sailaren xedea urteko zinema-ekitaldi nabarmenetako batean mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutaraztea da, oraineko eta etorkizuneko zinemagileak izaki. Film laburrak erakusteko eta sustatzeko leku bat izateaz gain, ikasleen, zinemagileen, industriako profesionalen eta ikus-entzuleen arteko topaketa bihurtzeko jomuga ere badu: zinemari buruz eztabaidatzeko ez ezik, zinema-prestakuntzaren arloaren eta profesionalen arteko topaketa errazteko ere Zinemaldiak gaitzen duen gunea.

2002an sortu zen Zinema Eskolen Nazioarteko Topaketa gisa, eta, ondoren, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa (EIECINE) izena hartu zuen. 2008an, Tabakalera sailaren antolakuntzan sartu zen, eta film laburren eta eskolen parte-hartzeak gorakada esponentziala izan zuen. Halaber, programazioa ere nabarmen handitu zen: topaketari egunak gehitu zitzaizkion eta zinemako profesionalen klase magistralak antolatzen hasi ziren.

Bada, 20. urteurrena beteko dute aurten, eta hiru hilabetez luzatuko den ekimen sorta prestatu dute ospatzeko. Tartean, urriaren 9an eta azaroaren 6an, Zinemaldia + Plus fokuaren baitan egingo duten Sailaren berrikuspen historikoa. Hain zuzen, hamar film labur proiektatuko ditu, urte horietako guztietako ia 300 parte-hartzaileen artean hautatutakoak.

Elías Querejeta Zine Eskolako ikasle ohi Noemi Cuetos eta Marcela Hinojosa aritu dira komisario-lanetan, eta haien esku egon da ere filmen hautaketa, hainbat irizpidetan oinarriturik. Nest lehiaketaren 20 urteko historiaren lagin adierazgarri bat osatzeko, hainbat kontinentetako eskoletako proposamenak aukeratu dituzte, “betidanik sailaren ezaugarri izan direlako eklektikotasuna eta askatasuna”, baita “lengoaia zinematografikoaren zein edukiaren aldetik garrantzitsuak diren lanak” ere.

Ondorengoa duzue programazioa:

URRIAK 9:

  • Greenland (Oren Gerner, 2014)
  • El enemigo / The enemy (Aldemar Matias, 2015)
  • Pude ver un puma / Could see a Puma (Teddy Williams, 2011)
  • Volando voy / I’ll fly higher (Isabel Lamberti, 2015)
  • O noapte în Tokoriki / A night in Tokoriki (Roxana Stroe, 2016)

AZAROAK 6:

  • Les Oiseaux-Tonerre / Thunderbirds (Léa Mysius, 2014)
  • Nueva Vida / New Life (Kiro Russo, 2015)
  • Find Fix Finish (Sylvain Cruiziat eta Mila Zhluktenko, 2017)
  • Atención al cliente / Customer service (Marcos Valín eta David Alonso, 2007)
  • Filipiñana (Rafa Manuel, 2020)

Xehetasun gehiagorako, sakatu hemen.