Euskaltzaleen Topaguneak eta Lekeitioko Euskal Zine Bilerak elkarlanean antolatzen duten Kameratoia film laburren rallyaren deialdia zabalik da, azaroaren 7ra bitartean. Azaroaren 12tik 14ra egingo dute, aurten ere, online formatuan.
Kameratoia 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako euskarazko ikus-entzunezkoen rallya da. Rallyak mekanika oso erraza du: partehartzaileek gehienez ere 3 minutu eta erdiko iraupena izango duen lana aurkeztu behar dute aurrez zehaztutako denbora jakin baten barruan.
Hain zuzen, azaroaren 12tik 14ra egingo dute topaketa. Azaroaren 12an bertan emango da ezagutzera aurtengo edizioaren gaia eta, hortik aurrera, 36 ordu izango dute parte hartzaileek beren filma landu, grabatu eta muntatzeko. Hilaren 14an, online helarazi beharko dute materiala, eguerdiko 12:00ak baino lehen. Hiru sari egongo dira jokoan: Irabazleak 800 euroko ordainsaria jasoko du, 400 eurokoa bigarrenak, eta Euskal Zine Bilera jaialdiko Publikoaren saria jasotzen duen hirugarrenak, aldiz, gau bateko egonaldia Lekeitioko Trinkete aterpetxean. Kameratoiaren irabazleak azaroaren 22an iragarriko dira, jaialdiaren itxiera ekitaldian.
Edizio honek Aitziber Garmendia aktore eta sortzailea izango du gidari. Parte hartzaileei formazio saio bat eskaintzeaz gain, lanen epaimahaikide ere izango da Aitziber, iazko Euskal Zine Bileran zuzendari onenaren saria jasotako Iban Goiko eta Aitor Mendilibarrekin batera. Pandemiak eragindako egoeraren aurrean, Topaguneak eta Euskal Zine Bilerak ikus-entzunezko rally arrakastatsuaren formatua iraultzea erabaki zuten iaz, eta aurten ere, parte hartzaileek Lekeitiora bertaratu gabe, nork bere bizitokian, osatu ahalko dute zehaztutako baldintzen araberako lana.
Izen ematea urriaren 7tik azaroaren 7ra egongo da zabalik.