Emakumeek zuzendutako zineman jarriko du fokua beste urte batez Zinemakumeak gara! film erakustaldiak. Urriaren 18tik 29ra bitartean egingo dute 26. edizioa, eta askatasun zein transgresioaren esanahiari so.

“Duela urtebete pasatxo, ziurgabetasun giroan bizi genituen data hauek, baina gure 25. urteurrenak bultzatuta. Murrizketak murrizketa, erakusketa arrakastatsua izan zen, eta agerian geratu zen Kultura beti dela eta izango dela babeslekurik onena krisi garaietan. Horregatik gaude hemen, beste behin ere, emakumeek zuzendutako zinema ikusarazteko”. Hautaketa-prozesuetan genero-ikuspegia instituzionalizatzeko bidean aletxoa jarri, patriarkatuaren norma transgreditzeko, kontzientzia kolektiboa berkonfiguratzeko eta, oro har, emakume zinemagileen lanari aitortza egiteko helburuarekin aurkeztu dute beste urte batez Zinemakumeak gara! jaialdia.

Aurreko urteetan bezala, BBK Aretoa, BilbaoArte Fundazioa, Azkuna Zentroko Auditorioa, Golem Alhondiga zinema eta Campos Elíseos Antzokiko Kupula Aretoa izango dituzte plaza, eta urriaren 18tik 29ra bitartean aurkeztuko dute ekintza desberdinez osatutako egitaraua. Bestalde, 26. edizioko irudiari dagokionez, Ane Pikaza aktore eta ilustratzaileak sortu du.

Jaialdian parte hartuko duten izenen artean daude Rosa Maria Rodriguez Magda pentsamendu garaikidean eta feminismoan aditua den filosofoa, Lara Izagirre euskal zuzendaria eta Neus Sabaté ikertzaile kataluniarra. Horrez gain, Larisa Shepitko zinemagile errusiarrari eskainitako zikloa hartuko du egitarauak, eta Julia Juaniz muntatzaile nafarra eta Lola Salvador Maldonado idazle eta gidoilaria omenduko ditu edizioak.

Aipatu bezala, hilaren 18an abiatuko dute egitaraua. Lehen emanaldi horretan Laura Sam poetak 2 astez luzatuko den egutegi begitarauaat irekiko du, Bilboko hainbat gunetan, Arde la palabra izenburua duen ahozko poesiako ikuskizun batekin. Inaugurazio honen baitan ere Gabriela Vidal eta Ines María Barrionuevo zuzendari argentinarren Las motitos (2020) filma izango da ikusgai.

Egitarau osoa ezagutzeko edo emanaldien sarrerak eskuratzeko, sakatu hemen.