Margarethe von Trotta Berlingo aktore, gidoilari eta zuzendariari emango dio ZINEBI – Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak bere 63. edizioko Ohorezko Mikeldi sarietako lehena. Festibalaren inaugurazio galan jasoko du errekonozimendua, azaroaren 12an.

Azaroaren 19ra arte luzatuko da festibalak aurkeztutako egitaraua eta, data hurbildu ahala, hasi gara eskainiko zaizkigunen xehetasunak ezagutzen. Margarethe von Trotta alemaniarra izango da 63. edizioaren lehen protagonista, hari eskainiko baitzaio aurtengo lehen Ohorezko Mikeldi saria: “Bere zinemaren sendotasunagatik eta zintzotasunagatik, eta Alemaniako Zinema Berriaren emakumezko ahots handi gisa hasieratik izan zuen bikaintasunagatik, bere obran 68ko Iraultzaren ondorengo Europako gizartean emakumearen ahalduntze gero eta handiagoa islatzen jakin zuen, Zinemaren Historiako zinemagile feministarik eragingarrienetako bat bihurtu arte”, ospatu dute jaialdiaren antolatzaileek.

Volver Schlöndorff bezalako zinemagileen aginduetara, aktore gisa hasi zen Von Trotta. Zuzendari gisa, aldiz, Heinrich Böllen Die Verlorene Ehre der Katharina Blum (1985) eleberriaren egokitzapenean. Ondoren, bere ibilbidea jarraitu beharreko eredu bilakatu zen mundu osoko zinemagileentzat bere filmek izandako nazioarteko oihartzuna zela; besteak beste, Das Zweiter Erwachen der Christa Klages (1978), Schwestern oder Die Balance des Glücks (1979), Heller Wahn (1983) edo Rosa Luxemburg (1986) lanak.

Nabarmentzekoak dira ere Die bleierne Zeit (1981) – Urrezko Lehoia eta kritikaren saria Veneziako Jaialdian-, eta Rosenstrasse (2004)- David di Donatello saria Europako Film Onenari-. Izan ere, 70eko hamarkadaren amaieratik bere film luzeek lehiaketa ospetsuetan parte hartu dute, hala nola Cannes, Chicago edo Montrealekoak. Halaber, bere ibilbidea omendu dute Goteborg, Telluride edo Valladolideko zinemaldiek, eta baita  Lola – German Film Award sariketak ere.

Auf der Suche nach Ingmar Bergmann (Felix Moeller & Bettina Böhler, 2018) izeneko dokumentala da bere azken lana, orain hiru urte ZINEBI Jaialdian proiektatutakoa. Une honetan bere hurrengo filma prestatzen ari da, behin-behineko izenburua “Bachmann & Frisch” duena.

Publikoarekin topaketa

Ohorezko Mikeldi Saria jaso duen zinemagileari omenaldi gisa, Margarethe von Trotta eta publikoaren arteko topaketa egingo dute jaialdian, Goethe Institut erakundearekin batera elkarlanean antolatuta. Helena Taberna zinemagile nafarra izango du moderatzaile, eta larunbatean, azaroak 13, Bilboko Arte Ederren Museoan egingo dute. Saio berean bere pelikularik laudatuena ere proiektatuko da, Die bleierne Zeit (1981), estreinalditik berrogei urte igaro direnean.