Jean-Pierre Melville omenduko duen atzera-begirakoa eskainiko du Azkuna Zentroak, gaurtik hasita abenduaren 16ra bitartean. Ziklo honetan Nouvelle Vague delakoaren sortzaileetako bat izan zen egilearen zortzi film izango dira ikusgai.

Pier Paolo Pasoliniri eta Luis Garcia Berlangaren obrari eskainitako egitarauen ostean, Jean-Pierre Melville zuzendari eta aktore frantziarraren lanari aitortza egingo dio eragile bilbotarraren zinematekak. Jean-Pierre Grumbach jaioa, Bigarren Mundu Gerran Frantziako erresistentzian parte hartzeko hasi zen erabiltzen Melville ezizena. Ondoren, bere lanerako ere erabiltzen jarraitzeko hautua egin zuen.

Zinemagile independentea izan zen, filmaketa estudioa propioa izateak emandako abantaila baliatuaz. Hala, Zinema beltz minimalistako filmak zuzendu zituen oro har, Estatu Batuetako zinemaren eraginez. Frantziako Nouvelle Vaue korrontearen sustatzaileetako bat izan zen, eta nazioarteko beste zuzendari batzuentzako inspirazioa ere bai. Besteak beste, Alain Delon, Jean-Paul Belmondo eta Lino Ventura aktoreek egin zuten lan bere obretan.

Profesional aintzatetsia izandakoaren zortzi film bilduko ditu atzera begirakoak, eta honen bidez itxiko dute Azkuna Zentroaren Zinematekaren 2021ko programazioa.

Zikloari hasiera emateko, Melvilleren dokumental labur bat ikusteko aukera izango du publikoak –24 heures dans la vie d´un clown (1946)-, eta horren ostean, Le Silence de la mer (1949) film luzea emango dute ere. Urriaren 6an egingo dute lehen saioa.

Datozen asteetan helduko dira maisulantzat jotako Bob le flambeur (1956) lana, eta New Yorken kokatutako Deux hommes dans Manhattan (1959) filma. Bai eta Le doulos (1962), L’armée des ombres (1969), Le cercle rouge (1970) eta Un flic (1972) lanak ere.

  • Urriak 6. 24 heures dans la vie d´un clown (1946) eta Le Silence de la mer (1949)
  • Urriak 13. Bob le flambeur(1956)
  • Urriak 27. Deux hommes dans Manhattan (1959)
  • Azaroak 10. Le doulos(1962)
  • Azaroak 24. L’armée des ombres (1969)
  • Abenduak 1. Le cercle Rouge (1970)
  • Abenduak 15. Un flic (1972)

Zikloaren inguruko xehetasun gehiago, hemen.