Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoa, Artium, Euskadiko Filmategiaren programazioaren egoitza egonkorra izango da aurrerantzean, Bilboko Arte Ederren Museoarekin eta Donostiako Tabakalerarekin batera. Euskal emakume zinemagileak I zikloarekin abiatuko dute bertako programazioa.
Euskadiko Filmategiak bere zabalkundea eta irisgarritasuna indartuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetan. Izan ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ondare zinematografikoa zaintzeaz arduratu da erakundea orain arte, eta aurrerantzean ere bere zikloak programatuko ditu hiru lurraldeetan.
Halaxe zehaztu du Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak (Artium Museoa) eta Euskadiko Filmategiak sinatutako lankidetza hitzarmen berriak: Zentro arabarra Euskadiko Filmategiaren programazioaren egoitza egonkorra izango da. Erabaki honen bidez, gainera, nahi historiko bat aseko du lurralde gobernuak, Arabako Foru Aldundia Filmategiaren patronatuko kidea baita 2005az geroztik.
Bi erakundeen arteko kolaborazioa urriaren 14an abiatuko da Euskal emakume zinemagileak I zikloarekin, zeinaren baitan bederatzi euskal emakume zinemagileren lanak ikusi ahal izango diren abendura bitartean. Izan ere, Euskadiko Filmategiaren programazioak euskal zinemari eskaini ohi dio urteko azken hiruhilekoa. Oraingo honetan, ordea, proposatutako zikloak berezitasun nabariak izango ditu. Hain zuzen ere, gutxienez hiru urtetan zehar garatzeko asmoa dute, eta beren ibilbideetan gutxienez film luze bat grabatu duten euskal emakume zinemagileen ekarpena nabarmentzea izango du helburu.
Hau da filmen zikloa osatzeko egin den komisariotza-proposamena: omenduko diren zinemagile horietako bakoitzak libreki hautatuko du bere film guztien artean zein erakutsi nahi duen, eta jendaurrean aurkezteko eta publikoarekin eztabaidatzeko gonbita egingo zaio. Bada, euskal zinemaren aitzindari izandako emakumeak izango dira protagonistak lehen denboraldia izango den honetan: Arantxa Lazkano, Mirentxu Purroy, Julia Juániz, Bertha Gaztelumendi, Helena Taberna, Aizpea Goenaga, Mireia Gabilondo, Ana Díez eta Maite Ruiz de Austri.
Hainbat urtetarako izango den zikloarekin bat, María Pilar Rodríguez irakaslea koordinatzen ari den argitalpena argitaratuko dute eta, bestalde, aipatzekoa da ere Isabel Herguera zinemagileak sortu eta gauzatu du zikloaren kartela.
Emanaldi berezia
Era berean, Elías Querejeta Zine Eskolarekin lankidetzan, zikloari keinu egingo dion emanaldi berezi bat antolatu dute azaro amaierarako. Carole Roussopoulos eta Ioana Wieder “intsumusa” eta feministen bi film proiektatuko dituzte, frankismoaren aurkako borrokan euskal emakumeek izan zuten protagonismoa ardatz dutenak: Les mères espagnoles (1975) eta La marche des femmes à Hendaye (1975).
Ezagutu programazio berriaren xehetasunak, hemen.