Zinema eta bideo esperimentalaren topaleku izango da Bilbo datozen asteetan, ikus-entzunezkoaren izaera anitzen plaza. Hilaren 22ra bitartean ospatuko dute Bideodromo jaialdia, BilbaoArte Fundazioaren Art House Zinema aretoan.

Izaera esperimentala duten fikzio, ez-fikzio, saiakera, dokumental, animazio eta orotariko iraupen eta formatuko lanak biltzen dituen festibala da Bideodromo. Estilo, forma eta jatorri anitzeko lan esperimentalak ikusaraztea du helburu, kalitatezko lan ezberdin eta garaikideak ikusleen eskura jarrita. Nazioarteko sortzaileen bilgunea da, eta Euskal Herrian BilbaoArten du egoitza. Zinemagintzaren topagune izateaz gain, kultura partekatzeko eta ikaskuntza sustatzeko espazio ere izan nahi du.

Joan den irailaren 28an eman zioten abiapuntua egitarauari, eta egun horretan bertan proiektatu zituzten aukeraketa ofizialeko lehen aleak. Urriaren 5ean, arratsaldeko 16:30etik aurrera, eta 7an (17:00etatik aurrera) pantailaratuko dituzte gainerakoak. Halaber, Euskal zinema esperimentalari eskainitako hitzordua egingo dute hilaren 22an, festibalaren itxiera ekitaldiaren egunean, eta generoko proposamenen lagin txiki bat izango da ikusgai lan finalisten emanaldiaren aurretik. Egun horretan bertan ezagutuko dugu ere palmaresa.

Ezagutu hemen 2021ko programazio xehekatua.