Ikusle berriak zinema aretoetara erakartzeko helburua duen Zinemazale Berriak programaren saio berri bat egingo dute igandean, hilaren 3an. Oin handiren semea (Jeremy Degruson eta Ben Stassen, 2017) animaziozko filma izango da ikusgai, gehiengoan EZAEren baitakoak diren 18 euskal aretotan.

Jakina da oso pandemiak gogor kolpatu duela sektore kulturala. Horren baitakoa da zinema-aretoen kasua, non 2019 urteko emaitzekin alderatuta, 10 milioi euroko galerak izan zituzten, eta ikusleen kopurua % 65 baino gehiago murriztu zen. Egoerari itzulia emateko asmoz, EZAE elkarteak Zinemazale Berriak izeneko programa jarri zuen abian maiatzean, elkarteko zein bertatik kanpoko hemezortzi zinema aretorekin elkarlanean, eta urte osora luzatuko den emanaldi sorta atondu dute.

Ekimenaren helburua ikusle berriak zinema aretoetara erakartzea da, hala nola, haur eta gazteak, eta horretarako, Zineuskadi Elkartearekin elkarlanean, haien Zinema Euskaraz programaren bidez euskaratutako dozena bat proposamen bigarrenez estreinatuko dituzte. Emanaldiak asteburuetan egiten dituzte, goizetan, eta prezioa 2,9 eurokoa izan ohi da. Kultura zinematografikoa sustatzea, komunikatzea eta zabaltzea ere badira programaren helburuak, aretoak leku seguruak direla eta osasun-eskakizun guztiak betetzen dituztela komunikatzearekin batera.

Gipuzkoan bederatzi dira ekimenarekin bat egin dute aretoak, hala nola, Donostiako Principe eta Antiguo Berri, Andoaingo Bastero, Lazkaoko Areria, Errenteriako Niessen, Zarauzko Modelo, eta Zumarraga eta Beasaingo zinemak; Bizkaian, ostera, zazpi: Bilboko Multicines eta Golem Alhondiga, Getxoko zinema, Durangoko Zugaza, Bermeoko Nestor Basterretzea, Mungiako Olalde eta Muskizko Meatzari zinemak; eta Araban, azkenik, Gasteizko Gorbeia eta Florida aretoak.

Oin handiren semea

Bada, udako atsedenaldiaren ostean, programazioaren martxari helduko diote berriro ere asteburuan. Oin handiren semea (Jeremy Degruson eta Ben Stassen, 2017) izango da film aukeratua, aitaren desagerpena argitzeko saiakeran, misio epiko batean abiatuko den Adam mutiko jatorraren abentura.

Aita elezaharretako Oin Handi berbera dela ezagutuko du gazteak, eta bere desagerpenaren atzean familia babesteko nahia besterik ez zela ulertuko du berehala. Izan ere, genetika-laborategi bateko ikertzaileek esperimentuak egiteko erabili nahi zituzten gizonaren ezaugarri bereziak. Adam laster jabetuko da berak ere baduela halako berezitasun baten arrasorik bere DNAn eta, imajina ezinezko super-ahalmenak tarteko, aitarekin elkartu beharko du familia babesteko.

Datozen emanaldiak

Aurrez aipatu bezala, urte osorako luzatuko da emanaldien programazioa. Honakoa duzue datozen estrenaldien egutegia:

  • Urriaren 10ean, Printze Txikia (Mark Osborne)
  • Urriaren 17an, Link (Chris Butler)
  • Urriaren 24an, Pokemon – Pikachu detektibea (Rob Letterman)
  • Urriaren 31n, Tom eta Jerry (Tim Story)
  • Azaroaren 7an, Elfkinak (Die Heinzels eta Rückkehr der Heinzelmännchen)
  • Azaroaren 14an, Smallfoot (Karey Kirkpatrick)