Abian da euskarazko fantasiazko gidoien sorkuntza berria saritzea helburu duen Oihua! ekimenaren deialdi berria. Oraingoan ere, film labur bat ekoiztea eta zuzentzea izango da helburua, 2022ko Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astean estreinatuko dena.
Ukaezina da, azken urteetan, euskarazko zinemagintzak aparteko oihartzuna eta arrakasta bizi dituela gurean zein nazioartean. Fantasiaren generoak izango zuen horretan zerikusirik, genero gisa ere loraldi edo eklosio garai bat ari baita bizitzen. Bada, Testuinguru horretan jaio zen 2019.urtean Oihua!, Donostia Kulturak, San Sebastian-Gipuzkoa Film Commissionek eta Udaleko Euskara Zerbitzuak sustatutako ekimena.
Euskaraz filmatzen den fantasiazko generoa indartzea izan zuen sortze helburua, eta bide horretan gidoiaren sorkuntza nobela saritzeko deialdia jarri zuten martxan. Bada, ikus-entzunezko profesionalek aukeratutako proiektu horrek zeharkako aholkularitza bat jaso zuen, eta, Larrotxene Bideoren tutoretzapean betiere, landutako film labur bat ekoiztea eta errodatzea izan ziren azken urratsak. Bere lehenengo edizioan Paul Urkijo zinemagilea izan zen mentore nagusia, eta proiektu irabazlea, berriz, Zerua hautsi zen gaua, Maria Fontan donostiarrarena.
Bigarren deialdi honetan Maider Oleaga zinemagilea izango da mentorea eta, oraingoan ere, euskarazko fantasiazko gidoien sorkuntza berria saritzea izango da helburu nagusia. Hautatutako proiektuak lehen deialdian ezarritako pausu eta laguntza ildo berdinak jarraituko ditu, eta film laburra 2022ko Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 33. Astean estreinatuko da.
Deialdiaren oinarriak
Antolatzaileek 35 urtera arteko sortzaile berriei zuzendu diete deialdia. Ezarritako oinarrien arabera, sortzaile berritzat joko dute modu komertzial batean banatutako fikziozko ikus-entzunezko obrarik idatzi, zuzendu edo egin ez duen pertsona oro.
Pertsona fisiko indibidualek soilik har dezakete parte eta, hartara, kanpo utziko dituzte ideia batera garatu nahi duten kolektiboak. Aukeratutako hautagaiak erabakiko du bere gidoia zuzendu nahi duen, bere interesaren eta prestasunaren arabera, eta hala ez bada, antolatzaileek hartuko dute gidoiaren zuzendaritza bermatzearen konpromisoa.
Hautagaitzak aurkezteko epea 2021eko abenduaren 19an amaituko da, 24:00etan.
Ikusi parte-hartzaileek bete beharreko oinarri guztiak, hemen. Halaber, deialdiari buruzko informazio gehiago jaso nahi izanez gero, hauxe duzue kontaktua: larrotxene_bideo@donostia.eus