Zuzendaria: Lili Horvát

Urtea: 2020

Herrialdea: Hungaria

Burujabetzea maitasun erromantikotik aldentzeko bidea dela ulertzeko denbora behar izan dugu. Bikote harremanek ez gaituztela libre egingo, askatasuna emantzipazioan dagoelako. Eta galderak suertatzen dira, urteak bezala, egutegiko orriak bezala, urtaroak eta udazkena. Zer gertatuko da adin batetik aurrera? Burujabe eta soil, inguruan daudenen besarkaden irrika ezkutuaz, besteen denboraren zati bat partekatzea gutiziatuz, eta muxuak, muxu garbiak masailean, burujabe, burutsu, burutik amaitzeko adina autofagia triunfalista, arrakastaren lehiaketa aseptikoan, bakarrik baina buruaske.

Marta 40 urteko hungariar jatorriko neurozientzialaria da. Budapestera itzultzea erabaki du. Bertan Janosekin topo egitea adostu zuen, duela hilabete pasatxo. AEBtan ezagutu zuten elkar, medikuntza eta neurozientzia ekitaldi batean.

Martak Budapesten gehien maite duen tokia da askatasunaren zubia, bertan elkartzea adostu dute. Eta gertatzen da batzuetan, adin batetik aurrera, maitasunarekin eta sentipenekin loturiko guztia hala dagoela, lotuta, estu lotuta, mugitu ez dadin, eta horren egon daiteke estu, non airea hartzea zaila egiten den. Hor dago, kanpoan, airea, nahi adina, baina ez da sartzen. Eta hipoxia sentsazio bitxia da, zorabioa bezala, maitasuna izango da? Eta zalantzak zenbatezinak dira. Isiltasuna, eta ukapena horren barneratuak ditu Martak, non eskura duen poesia guztiarekin bilduko duen bere ezinegona. Nahiko luke burutik sano ez egotea. Nahasmen mentala da.

Denbora tarte ezezaguna elkarrekin igarotzeko prestaketa Lili Horvát zuzendari hungariarraren azken lana da. Latza, poetikoa eta ederra. Intimitatearen eguneroko zaindua, etsiak hartuta dagoen protagonistarena, arrakasta profesionalarekin ezin ase, benetako kontaktuaren mina duena. Komunikazio zailtasunak pantailaratuko ditu filmak, beldurraren, itxaropenaren eta ameskeriaren mugan.

Argazki zaindua topatuko dugu zintan, plano estetiko eta ederrak, komunismoaren ondorengo herrialdearen txintxorra, arrakalatutako eraikin brutalistetan. Zubiak leihotik, telefonoz, paperezko notatxoetan, eta isiltasun aztoragarriak. Eta soinu banda bigarren azala bezala, musika klasikoa, eta soinua, nola odola zainetan, airea hauspoan, arnas egin nahi duen istorio honetan. Gazi-gozoa izango da Martarena. Merezi ote duen, zuen kontu utziko dut.