Segoviako Ihesa lanak 40 urte bete ditu 2021ean. Imanol Uribek zuzendutako film gogoangarriaren urteurrenaren harira, proiekzio berezi bat eta hitzaldia egingo dituzte asteburuan Donostian.

1977ko udan, erbestean bizi den preso politiko batek bere ihesaren nondik norakoak azaltzen dizkio kazetari bati: 1976ko apirilean ETAko kide batzuek, beste antifrankista batzuekin batera, Segoviako espetxetik ihesaldia prestatu zuten. Porrot egin zuen lehenengo saiakera baten ondoren, presoek ez zuten etsi eta bigarren tunel bat egin zuten. Zortzi hilabetez lan egin ondoren, ihesa gauzatu egin zen. Frankismoaren azken hilabeteetako egoera ahula eta demokraziaren lehen urratsak zirela eta, taldearen ihesak ondorio harrigarriak izan zituen.

Esan genezake Imanol Uribe zuzendariaren lehen fikziozko filma izan zela 1981. urtean estreinatutako hau. Baina hori baino gehiago izan zen, Segoviako Ihesa, zalantzarik gabe. Filmak oinarri duen ihes erreal horrek lehertzear zegoen demokrazia baten kimuak erein zituen bezalaxe, estreinaldi unean ere espainiar gizartearen zoru eta zimenduak astindu baitzituen. Besteak beste, garaiko Donostia Zinemaldiko kritikoen sari nagusia eskuratu zuen.

Bada, 40 urte igaro diren honetan, filma bera eta berau sortzeko emandako urratsak eta lan-prozesua ekarriko ditu gogora Donostian egingo duten programazio bereziak. Lehenik eta behin, ‘Un sueño hecho realidad: La fuga de Segovia’ izenpeko solasaldia egingo dute Amarako Ernest Lluch Kultur Etxean. Carlos Juarezen gidaritzapean eta Imanol Uribe, Ángel Amigo, Xabier Elorriaga eta Amaia Zubiriaren parte hartzearekin, Segoviako ihesa-ren oroitzapenetan murgilduko dute entzulea. Izan ere, euskal testuinguru soziopolitikoa kontutan hartuta, garai hartan Euskadin film bat egitea ia ezinezkoa bazen, ETAren ihesaldi ezagunenari buruzko lan bat egitea ameslari talde baten ausarkeria izan zen askoren usteetan.

Ekitaldirako sarrera librea izango da, baina gonbidapen bidez neurtuko dute sarbidea. Bada, irailaren 27tik aurrera eskuratu daitezke paseak amarakulturetxea@donostia.eus posta elektronikora idatziz (2 gonbidapen gehienez eskatzaile bakoitzeko).

Larunbatean, aldiz, filmaren emanaldi berezia egingo dute, 19:00etatik aurrera, Tabakaleran.  Imanol Uribe zuzendariaren eta Ángel Amigo gidoigilearen parte hartzearekin. Emanaldirako sarrera ohiko bidetik eskuratu ahalko dira.