69. Donostia Zinemaldia atzean utzi, eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea hartzeko prestatzen hasi da jada Donostia, datorren astean Antzoki Zaharrean egingo duten Donosskino Film Laburren Jaialdiari erreleboa hartuta. Festibaleko arduradunek, Donostia Gazteriarekin elkarlanean, 18 eta 30 urte arteko 60 gaztez osatutako epaimahaia osatzeko lanetan hasi dira, eta izen-ematea zabaldu dute urriaren 14ra arte.

Urriaren 29tik azaroaren 5era egingo dute aurten Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, eta programazioaren inguruko lehen xehetasunak irail erdian ezagutzera eman zituzten arren, datu asko falta ditugu oraindik. Aldiz, aurtengo gazteen epaimahaia osatzeko deialdia zabaldu berri dute, urriaren 14ra arte.

18 eta 30 urte arteko lagunei luzatu diete gonbidapena, eta 60 lagunek osatuko dute taldea. Donostia Gazteriaren webgunearen bidez eman behar da izena, eta eskaera gehiago jasotzen badituzte, Donostian erroldatutako gazteei emango diete lehentasuna. Beharrezkoa balitz, gainera, zozketa egingo dute. Hautatuek urriaren 29an egingo dute emanaldira joan beharko dute derrigor, eta bertaratzerik ez badute, itxaron zerrendan geratuko dira.

Izan ere, emanaldi horretan ikusiko dituzte film labur guztiak, eta beren botoa emango dute, Film Labur Onenaren Gazte Saria ebazteko. Horrez gain, epaimahaiko bi pertsonak hartuko dute parte jaialdiaren itxiera ekitaldian, eta garaikurra irabazleari eskainiko diote. Era berean, epaimahaikideek 32. Beldurrezko eta Fantasiazko Asteko zenbait emanalditara joateko aukera izango dute, eta urriaren 29ko saioan jakinaraziko zaie egutegia.

Informazio osagarria, jaialdiaren atarian.