Samara Velte kazetari eta ikerlariak, eta Josu Martinez ikerlari eta zinemagileak Euskaldunon Egunkariaren itxiera lehen pertsonan bizi izan zutenen testigantzak bildu dituzte Paperezko Hegoak dokumentalean. Gertaeren hemezortzigarren urteurrenean ikusi zuen argia proiektuak EiTBn, iragan otsailean, eta orain, 69. Donostia Zinemaldian eskaintzeko hautatu dute.

“Galderen foku nagusia Madrilen dago. Euskal Herritik esan zitekeen gehiena esanda dago. Entzun nahi izan duenak entzun du, baina galdera asko geratzen dira argitzeko, ziurrenik, Madrilen soilik erantzun ditzaketenak”. Jende askorekin elkartu dira Velte eta Martinez, gertatutakoaren arduradun nagusia nor izan zen eta itxialdia non erabaki zen jakiteko asmoz. “Mundu guztiari bere ikuspuntua azaltzeko aukera ematen saiatu gara. Batzuek aprobetxatu dute, eta besteek uko egin diote. Baina guk ate guztiak jo ditugu, eta hortik aurrera eraiki dugu kontakizuna. Ez da bertsioen arteko gerra bat”.

Grabaketa prozesuari dagokionez, osasun izurriak eragindako zailtasunez gain, horrelako gaiak ikuks-entzunezko formatuan lantzeak jendearengan eragiten duen errezeloa ere azpimarratu du: “Ikus-entzunezkoa jende askorengana heltzeko formatua da, informazio asko ematen du oso denbora gutxian, baina mugatua ere bada: jende askori beldurra ematen dio kameraren aurrean jartzea, badakielako esandakoak hor geratuko direla”.

Jarraian duzue elkarrizketaren bigarren zatia.

https://youtu.be/RuDOqO52aCE