Spencer, Pablo Larrain errealizadore txiletarraren lan berria, izango da Donostia Zinemaldiaren 69. edizioko film sorpresa. Zinemaldiaren itxieraren atarian, bihar 16:00etan, Victoria Eugenia Antzokian emango dute filma.

Jackie (2016) filmean egin bezala, non Jacqueline Kennedyren irudira hurbildu zen, Spencer pelikulan ere emakume ikoniko batengan jarri du arreta Larrainek. Kasu honetan, Diana Spencerren azaletan jarri du Kristen Stewart aktorea, eta Jack Farthing, berriz, haren senar Charles printzearenean.

Bada, Diana printzesaren deskribapen liluragarri eta inspiratua da lana; gabonetan Sandringhameko etxaldean semeekin izateko atsedenaldi zoragarria izan beharko lukeena nahi gabeko betebeharren segida bihurtuko da. Bien bitartean, Charles printzea Camilla Parker-Bowlesekin zirri aritu ohi da eta ez du harreman hori ezkutatzen; horregatik, Dianak ez du paparazzien aurrean emazte maite eta leialaren papera egin beste erremediorik, eta denbora guztiak egin beharko du rol hori, gainera, paparazziek leku guztietara jarraitzen baitiote. Onartuko al du bere rola edo, aitzitik, matxinatu egingo da eta azkenean bere bizitza nahi duen bezala biziko du? Milioika pertsonak miresten zuten baina gutxik ezagutzen zuten emakume ikoniko bati begirada; ikonoa, mitoa eta emakumea: Diana.

Aipatuako Kristen Stewart eta Jack Farthing protagonistez gain, Timothy Spall, Sean Harris eta Sally Hawkins antzezleek osatzen dute aktore-zerrenda. Larrain zuzendariari dagokionez, enegarren aldia izango du Zinemaldian; izan ere, Tony Manero (2008), Post mortem (2010) eta El club (2015) Horizontes Latinos sailean erakutsi zituen, eta No (2012), Neruda (2016) eta Ema (2019) filmak Perlak sailean eman ziren.

2019an Zinemaldiak ustekabeko film bat programatzeko ohitura zaharra berreskuratu zuen. Todd Phillipsen Joker izan zen 67. edizioa zen horretan aukeratu zuten filma, eta iaz, Abel Ferrararen Sportin’ Life izan zen hautatua.