3D animatzaileei eta estudioei beren lana erraztu eta sinplifikatzeko adimen artifizialeko balibaideak eskaintzen dizkien Kinetix proiektuak lortu du Donostia Zinemaldiko aurtengo Startup Challenge garaikurra. Bost finalisten artean nabarmendu da, eta 10.000 euro, Euskadiko Teknologia Parkeen Sareko BIC bateko inkubaziogune batean urtebetez dohan aritzea eta 500.0000 eurora arteko finantzaketa eskuratu ditu.

Danimarkatik etorritako Klipworks egitasmoak, bideo-edukien sortzaileei beste lankide batzuek sortutako materiala eskuratu eta erabiltzeko aukera ematen die, AWS web zerbitzuen teknologiaren bidez. OWO Entertainment espainiarrak, aldiz, film bat ikusten ari den bitartean, erabiltzaileari sentsazio fisikoak sentiaraziko dizkion jaka haptiko bat garatu du. Panoramic Plates espainiarrak, ostera, zinemarako eta telebistarako 360º hondoak −mugimenduan daudenak− filmatzeko zerbitzua eskaintzen du. Eta Raccorder scriptentzako aplikazio mugikorra da, baliabide guztiak aplikazio digital batean bildu eta filmaketei buruzko informazioa aurkitzea errazten duena.

Lau egitasmo horiekin lehiatu da Kinetix frantziarra aurtengo Zinemaldia Startup Challenge lehiaketako sari nagusia eskuratzeko. Atzo, irailak 23, egin zuten sari banaketa ekitaldia Tabakaleran, proiektuen arduradunek beren lanak aurkeztu eta mahai-inguruan parte hartu ostean. Saritutako egitasmoa, hain zuzen, 3D animatzaileei eta estudioei zuzenduta dago, eta adimen artifizialeko baliabideen bidez, haien lan prozesuak erraztu eta bizkortzeko gai da.

Zinemaldiak, Tecnaliak eta Tabakalerak elkarlanean antolatzen dituzten Zinemaldia & Technology jardunaldietako ekimen nagusia da Startup Challenge lehiaketa, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak babesten du, baita Europa Creativa MEDIAk ere, European Film Forum ekimenaren bidez.