Zuzendariak: Josu Martinez eta Samara Velte
Urtea: 2021
Herrialdea: Euskal Herria
Saila: Zinemira

Nahi zuten, eta ahal zuten. Eta egin zuten”

Nola kozinatu zen Euskaldunon Egunkariaren aurkako operazioa? Zer dela eta erabaki zuen Estatuak haren kontra jotzea? Zer bilatzen zen euskalgintza mugimenduko pertsonaia ezagun eta prestigiotsuak atxilotu, torturatu eta publikoki umiliatzean? Zergatik itxi zuen Guardia Zibilak euskarazko egunkari bakarra?

Hemezortzi urte igaro diren honetan, galdera horientzako erantzunen xerka abiatuko da Samara Velte kazetariak eta Josu Martinez zinemagileak ondutako dokumentala. Fokua garaiko auzi eta aldagai ezberdinetan ipinita, lehen mailako pertsonaia zein protagonisten beraien testigantzen bidez, eta artxibo desberdinetatik ateratako irudi bildumari esker, orain arte ezezagunak izan zaizkigun ikuspegi, datu eta egiak aurkeztuko dira pantailan.

Behar zelako. Eta ez zegoelako”

Borondate komun batetik, baina esku eta eragile desberdinen lana eta ekina nahastuz, 1998ko  abenduaren 6an kaleratu zuten XX. mende amaieran argitaratu zen euskarazko egunkari bakarraren lehendabiziko alea, 32 orrialdekoa.

Herri txiki batek zuen egunkari txikia zen gurea. Eta helburu bikoitza zuen: zabala eta independentea izatea”

Txikitasunean, proiektu maitatu eta zaindua zen Euskaldunon Egunkaria. Euskal gizartean errotzea lortu zuen, eta egun iluna heldu zenerako 70 orrialde hartzen zituen eduki kopurua, 44.000 irakurle eta 15.000 ale inguruko salmentak zituen. 2003Ko otsailaren 20an, oraindik inork argitu eta azaldu ez dituen arrazoiengatik, Espainiako Gobernuak eta Del Olmo epaileak kazeta ixteko agindua eman zuten. Guardia Zibilak hartu zuen Martin Ugalde, eta bertako arduradunak eta hainbat kazetari eraman zituzten. Eramandakoak atxilotu eta torturatu ere bai.

Estatu baten aurrean, Egunkaria ez zen ezer. Ez ginen ezer. Eta hobe ezer izaten jarraitu izan bagenu”

Martin Ugalden bildutako kazetari taldeak aurrera egitea erabaki zuen. Egunkariaren itxierak eragindako elkartasun uholdeari esker lan egiteko baliabideak bildu, eta Egunero argitaratu zuten 2003ko otsailaren 21ean. Juan del Olmo epaileak Euskaldunon Egunkaria itxi zuen eta egoitzako jabetza guztiak bereganatzearen biharamunean.

Egunero argitaratu zuten, urte bereko ekainaren 21ean Berria egunkariak lehen zenbakia kaleratu zuen arte. Ordutik, Egunkaria zena ordezkatu du.

Bi aukera zeuden: etxera joan, negarrez, edo horren kontrako terapia bezala aktibismo total batean sartzea”

Egunkariaren itxierari buruzko zerbait entzun, irakurri edota ikusten dudan guztietan bezala, sentimendu dantza nabaritu dut nire barnean Paperezko Hegoak dokumentala ikusten ari nintzenean. Gogoan dut, oso gazte harrapatu baninduen ere, sekulako kolpea suposatu zuela operazioak nire mundu txikia zen errealitate horretan; gogoan dut lehen aldiz bizitu nituela tripetan manifestaldi baten haserre eta amorrua; eta, lehen aldiz ere, zeharkatu ninduela elkartasunaren indarrak.

Zinemaldiak berak luzatu digu galdera aste honetan, eta erantzuna eman ere bai: “Zertarako egiten da dokumental bat? Gertatutako hori ahanzturaren eta desmemoriaren zulo beltzak irents ez dezan”. Bada, norbaitek kontatu behar zuen, eta Veltek eta Martinezek kontatu dute. Fin eta zuzen. Begirunez, egitik egira. Kontatu behar zen, eta kontatu behar da; jakin behar da zer eta nola gertatu zen. Zein absurdo eta bidegabea izan zen.

Ikusi ditut pantailan bide urratzaileak, kazetari izaterainoko ikasketa bidean lagundu nautenak eta eredu ditudanak. Sentitu dut haiekiko harrotasuna, miresmena eta esker ona. Zuei eskerrak, ekiteagatik. Baina tripak esnatu dizkit minak beste behin; gezurraren absurdu eta bidegabeak. Jauzi egin dut Estatuaren estolda zikinetara, eta azaleratu dira betiko amorru eta ezintasuna.

Gurea da ardura eta gurea da bidea. Gogoratu dezagun, konta dezagun behin eta berriro, memoriarik ez duten horiek ere ahaztu ez dezaten.