Atzo, irailak 22, banatu zituzten 69. Donostia Zinemaldiko Industria ataleko jardueretan nabarmendu diren proiektuentzako sariak, hamar orotara. Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroaren Treeline Banaketa eta Jaialdietako Aholkularitzaren saria, esaterako, Amparo Climenten Las cartas perdidas egitasmoarentzat izan da, eta IBAIA saria, ostera, Laura García Andreuren Domingo domingo-rentzat.

Online eskaini zuten atzo Industria ataleko sari-banaketa ekitaldia, pandemiaren eraginez ezarritako osasun neurriak tarteko, eta bederatzi izan ziren ekoizleen zein banatzaileen elkarte ezberdinek eta Donostia Zinemaldiaren babesleek banatutako hamar sarien hartzaileak. Irailaren 20tik 22ra gauzatu dituzten tailer, pitching saio eta orotariko bileretan nazioarteko 50etik gora egitasmok hartu dute parte.

Postprodukzio fasean dauden proiektuentzako WIP Latam eta WIP Europa ekimenetan seina proposamen aurkeztu dituzte, eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan, hamalau. Bost izan dira Ikusmira Berriak deialdirako hautatutako egitasmoak, eta IBAIA elkarteak antolatutako dokumentalentzako Lau Haizetara Foroan, aldiz, hamabost.

Ondorengoa da irabazleen zerrenda:

  • WIP Latam Industria Saria: La hija de todas las rabias, Laura Baumeister (Nikaragua)
  • WIP Latam onenaren EGEDA Platino Industria Saria: Vicenta B., Carlos Lechuga (Kuba)
  • WIP Europa Industria Saria eta WIP Europa Saria: Carbon, Ion Bors (Moldaviako Erreplika)
  • Europa-Latinoamerika X. Koprodukzio Foroko proiektu onenaren saria: Camionero, Francisco Marise (Argentina)
  • Dale! Saria: Donde comienza el río, Juan Andrés Arango (Kolonbia)
  • Artekino International Prize saria: Alemania (Online), Maria Zanetti (Argentina)
  • Ikusmira Berriak Saria: La gruta del viento, Eduardo Crespo (Argentina)
  • Lau Haizetara Foroko Treeline Banaketa eta Jaialdietako Aholkularitzaren saria: Las cartas perdidas, Amparo Climent (Espainia)
  • Lau Haizetara Foroko IBAIA saria: Domingo Domingo, Laura García Andreu (Espainia)

Proiektu bakoitzaren inguruko xehetasunak Donostia Zinemaldiaren webgunean topatuko dituzue.