2020ko azaroaren 6an heldu zen zinema aretoetara Erlauntza, Kepa Errastik idatzitako eta Mireia Gabilondok zuzendutako antzezlan izenkidean oinarritutako filma. Haurtzaroko lagun talde batek landetxe batean igaroko duen asteburua du oinarri, eta arrakasta polita erdietsi zuen zinema aretoetan, hilabete eta erdiko epean, 12.000 lagun inguruk ikusi baitzuten. 69. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean, lehiaketaz kanpo, bistaratuko dute gaur eta bihar.

Ane Antoñanzasek eta Fernando Bernuések ekoitzi zuten obraren pantaila handirako egokitzapena. Antzezlanaren zuzendari Mireia Gabilondo bera arduratu zen ikus-entzunezkoaren gidaritzaz, bakarka zuzendu duen bigarren film luzea. Eta aktore-taldea Aitziber Garmendiak, Sara Cozarrek, Getari Etxegaraik, Naiara Arnedok, Itziar Atienzak eta Leire Ruizek osatu dute. Kepa Errastiren gidoia du oinarri, David Bernués eta Xabier Lozano dira argazki-zuzendariak eta Ana Turrillas arduratu da arte zuzendaritzaz.

Filma Euskal Herriko areto komertzialetan ez ezik, orotariko ekimenetan bistaratu dute, hala nola, 2020ko Durangoko Azokako Irudienean, Gasteizko 37. Euskal Zinemaren Astean zein Donostiako udako aire libreko emanaldietan. Urte hasieran Euskal Aktoreen Batasunak banatu zituen Besarkada Sarietan, halaber, Aitziber Garmendiak jaso zuen emakumezko aktore onenaren garaikurra filmean egindako lanagatik.

2020ko udatik 2021eko ekainera ZINEA atariko kritikari izan zen Ixone Santamaria Vidanek ere filmaren inguruko iruzkina argitaratu zuen azaroan. Hemen irakur dezakezue. Eta filma gaur eta bihar, irailak 23 eta 24, izango da ikusgai Zinemaldiko Zinemira sailean, lehiaketaz kanpo.