Zuzendaria: Maider Oleaga
Urtea: 2021
Herrialdea: Euskal Herria
Saila: ZINEMIRA
2014. urtean, Oier Martínez de Santos eta Jose Luis Murgak Algo más que morir westerna estreinatu zuten Almeria Western Film Festivalean, eta jaialdiko publikoaren saria etxera eraman. Arabako Kuartango bailaratik irten zen filma: ia baliabiderik gabe, talde guztiz amateur batek egin zuen (herri txiki haren inguruko laurehun pertsonak, hain zuzen ere). Estatu Batuetako Mendebaldeko lehen kolonoek eremu lau eta soil haietan egin zuten bezala, egurrezko herrixka eraiki zuten Murgak eta Martinez de Santosek Kuartangoko jendearen laguntzarekin. Egurrezko gurdiak, etxebizitzak, herrixka osoak zuzkitzen zituzten ur depositu horietako bat… den-dena eraiki zuten eskuz, hutsetik hasita. Kuartangon, Mendebalde Urrunean ez bezala, dekoratuak baino ez zituzten eraiki, baina muinean, western amerikarretako fundatzaile heroikoaren mitoa paregabe gorpuzten zuen zinemagile amateur haien istorioak, eta horixe da Maider Oleagak azken lanean aurkezten digun abentura.
‘Kuartk Valley’ izenburua jarri dio zinemagile arabarrak dokumentalari. Izan ere, horrela deitu zioten Murgak eta Martinez de Santosek filmean Kuartangoko bailarari, eta ondo daki Oleagak bi espazioek (espazio errealak eta fikziozkoak, Kuartangok eta Kuartkek) erroa baino zeozer gehiago dutela komunean. Funtsean, Kuartangok, Amerikar Hegoaldeak bezalaxe, ezleku bat dirudi, kontzeptua Marc Augék ulertu zuen bezala hartuta: paraje arabarra bidegurutzeko espazio trukagarri bat besterik ez da arrotzaren begietan, kamioilari-tabernadun txoko bat; zinemagileak westernetako ostatua ikusi zuen han. Alde horretatik, asko eta oso interesgarriak dira Oleagak egiten dituen behaketa etnologikoak; badirudi western amateur bat Araban jaiotzeko, ezinbestez, generoak bertako jendearen bizipenekin lotuta egon beharra daukala. Horra hor, hain zuzen ere, karta-jokoak, ehiztariak, tabernen garrantzia, nekazaritza eta abeltzaintza, balio-sistema klasikoa irudikatzen duen maskulinitate hori, etab.
Horrez gain, ez-leku bat da Kuartk Valley, batik bat; ez delako existitzen (fantasia bat da, amets bat, zinemak bere nortasunean inprimatuta dituen desio-proiekzio horietako bat). Orain dela urte batzuk, Oleaga dokumentala filmatzeko Kuartangora joan zenean, ez zuen Algo más que morir filmaren dekoratua inon aurkitu, ezta ia making-of materialik ere. Beraz, filmaketa hari buruzko memorietan oinarritu du dokumentala, western krepuskularretan hain presente dagoen iraganeko abenturen testigantza nostalgikoetan. Baina dokumentalaren eta western generoaren arteko antzekotasunak alde batera utzita, Oleagak amerikar bakeroen mitoa zalantzan jartzen du; zehatzago esanda, haien irudi indibidualista jartzen du ezbaian. Kontakizunaren protagonista, Jose Luis Murga, ez da Llanero solitario bat, eta ez dago Solo ante el peligro. Alderantziz, pelikula hura burutzeko Kuartangoko komunitate osoaren laguntza izan zuen, eta horrela berridazten du Oleagak generoan agertzen den fundatzailearen mitoa, Kuartangoko talde-erretratu interesgarria eskainita.