Zuzendaria: Asier Altuna

Urtea: 2021

Herrialdea: Euskal Herria

Saila: ZINEMIRA, Euskal Zinemaren Gala

Cristina Iglesias eskultoreak Donostiako Santa Klara uharteko itsasargiaren etxerako sortutako obraren eraikitze-prozesua jaso du Asier Altuna zinemagile bergararrak. Enkarguz heldu zitzaien proiektua Txintxua Films ekoiztetxera, baina iazko Zinemaldiko Culinary Zinema sailean argia ikusi zuen ARZAK since 1897 lanarekin bezalaxe, filma bere egitea lortu du Altunak, Hondalearen sorkuntzaren lekuko hutsa izanagatik ere, bere filmografiaren esentzia mantenduz.

Ez dagokigu esku-hartzearen inguruko baloraziorik egitea, ikus-entzunezko obren nolakotasuna baitugu hizpide. Eta bai, estetikoki zein narratiboki ederra da Altunaren proposamena. Uhartea ezagutzen duen edonork nostalgiaz ikusiko ditu bertako parajeen irudiak: ontzi zuri-urdinak hartzen dituen kai bakarreko portua eta alboko hondartzatxoa; tontorrerantz abiatzen den harrizko bide pikoa aire zabalean, eta zuhaitzez estalitako bigarren zatia, egurrezko mahaiak albo banatara; Kantauri grinatsura begira dauden labarrak, eta Haizearen Orraziraino heltzen diren eta itsasbeheran oinez igaro daitezkeen harrokak. Itsasargia leku misteriotsua izan da beti, uhartearen eta Donostiaren paisaian elementu ikonikoa. Eta eraikinak jasandako eraldaketaren urratsak dokumentalaren bidez ezagutzea sendagarria izan da, lekuaren izaera berriarekin adiskidetzeko.

Iglesiasen lan egiteko modua eta proiektuan parte hartu duten pieza ezberdinen jarduna objektiboki islatu ditu ordubeteko piezak, azken horien ahotsa eta gogoetak bigarren planoan geratu badira ere, nabarmen. Baina hori baino gehiago, Donostiako badiaren erretratua egin du Altunak. Orduen, egunen eta urtaroen igarotzeak uharteko paisaia eta bizimodua nola eraldatzen dituen erakutsi du, behe-lainoz estalitako goiz tristeetatik udatiarrez jositako hilabete sargorietaraino, kaioak beti zelatari. Oharkabean igarotzeagatik aipamen berezia merezi duena Aitor Etxebarriaren soinu banda da, iradokitzaile bezain apala. Eta planoen eta sekuentzien jarraikortasun naturalak denboran eta espazioan egindako saltoak leundu ditu.

Dokumentala Euskal Zinemaren Galan eskaintzeko hautapenak ustekabean harrapatu gaitu, egiari zor, ez genuen halakorik espero. Baina Altunak berak adierazi duenez, proiektuarn ezaugarriek zaildu egiten dute filmaren zabalkundea eta komertzializazioa… Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua (2016) eleberria oinarri duen eta aurre ekoizpen prozesuan dagoen Karmele fikzioan murgiltzeko gogotsu dagoela aitortu du sortzaileak. Baita gu ere.