IBAIA Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen elkarteak Donostia Zinemaldiaren Industria atalean antolatzen duen Lau Haizetara Dokumentalen Koprodukzio Foroa astelehenean, irailak 20, abiatu zuten, eta lehen bi egunetako prestakuntza tailerren ondoren, gaur, irailak 22, egin dituzte Pitching saioak San Telmo Museoko ekitaldi aretoan. Arratsaldeko bakarkako bilerekin itxiko dute hiru eguneko programazioa.
Dokumentalen alorrean diharduten sektoreko profesionalek finantzatzaile izan daitezkeenei zein industriako adituei beren egitasmoak aurkezteko lekua da Lau Haizetara Foroa. Donostia Zinemaldiaren egitarauan antolatutako hiru eguneko jardunaldian tailerrak, pitching saioak eta bakarkako bilerak egiten dituzte proiektuen ordezkariek, lankidetza hitzarmenak eta babes ekonomikoa lortzeko asmoz. XVII. edizioa irailaren 20tik 22ra egiten ari dira, 69. Donostia Zinemaldiko Industria atalaren barruan, eta ekainean zabaldutako deialdira aurkeztutako egitasmoen artean, ondorengo hamabostak hautatu dituzte:
- Raúl de la Fuente eta Amaia Ramírezen Bayo Bayo Baby (Espainia)
- Khoroldorj Choijoovanchig sortzailearen Colors of the White Rock (Frantzia eta Mongolia)
- Laura García Andreuren Domingo domingo (Espainia)
- Eulogio Romeroren El silencio de la tierra (Espainia)
- Paloma Zapataren En busca de la singla (Espainia eta Alemania)
- Helin Celik zinemagilearen Espacios ocultos (Espainia eta Austria)
- Amparo Climenten Las cartas perdidas (Espainia)
- Lorenzo Cioffiren Lucía (Italia)
- Aitor Gonzalez de Langarica Mendizabalen Muerte en Amara (Euskadi)
- Lorenzo Benitezen Negro limbo (Espainia)
- David Fontsecaren Ousman, 21.000 kms para cambiarlo todo (Espainia)
- Telmo Irabururen Película N. 1 (Euskadi)
- Peter Portaren The Click Trap (Espainia eta Frantzia)
- Catalina Alarcónen Volver a casa (Txile)
- Olga Delane zinemagilearen Welcome to New Karabash (Polonia eta Alemania)
Astelehenean, irailak 20, hasi zituzten prestakuntza-jarduerak. Aditu profesionalen laguntzarekin, nork bere egitasmoa aztertu eta egokitzeko parada izan du bi egunez, gaurko pitching saiora begira. Hala, goizeko 9:30ean ekin diote aurkezpen laburren ekitaldiari, eta 14:00ak arte jarraitu dute San Telmo Museoko ekitaldi aretoan. Egile bakoitzak 7 minutu izan ditu proiektuaren nondik norakoak azaltzeko (teaserra barne), eta Commissioning Editoreeen panelak lehen inpresioak partekatu ditu haiekin.
Segidan, arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara, bakarkako bilera espezializatuak egiteko tartea izango dute Kursaaleko 9. aretoan. Bertan, lankidetza hitzarmenak eskuratzea izango dute helburu, eta iluntzean saridunen berri emango dute online jarraitu ahal izango den ekitaldian.