Samara Veltek eta Josu Martinezek Euskaldunon Egunkariaren itxiera lehen pertsonan bizi izan zutenen testigantzak bildu zituzten Paperezko Hegoak dokumentalean. Gertaeren hemezortzigarren urteurrenean ikusi zuen argia proiektuak EiTBn, iragan otsailean, alegia; eta orain, Donostia Zinemaldian eskaintzeko hautatua izan da.

Tentazioak ekoiztetxea, Sisiforen paperak antzezlana prestatzen ari zela, ikus-entzunezko lan bat osatzeko asmoa azaldu zion Josu Martinez EHUko ikerlari eta zinemagileari. EiTBren babesa zuen egitasmoak, eta istorioa behar bezala kontatzeko baliabideak eskaintzen zituen horrek. Hala, Samara Velte kazetari eta ikerlaria alboan, proiektuari forma ematen hasi ziren 2019aren amaieran, baina 2020ko udaberriarekin batera heldu zen pandemia, eta bi sortzaileak jatorrizko plana egokitzera behartu zituen.

“Memoria ariketa bat egin nahi genuen, eta argitu gabe zegoen gertakarien eremu bat ikertu”, azaldu digu Veltek. “Dokumentalak galdera batzuk ekartzen ditu mahai gainera, eta askoz gehiago planteatzen saiatzen den arren, ez ditugu erantzun batzuk lortu. Eta hori sintomatikoa da, oraindik esan ezin diren gauza asko daudela adierazten baitu”.

Lana iragan otsailean, gertakarien hemezortzigarren urteurrenean, estreinatu zuten EiTBn, eta Kataluniako TV3 katean ere eman dute. EiTB Nahieran ikusgai dago, eta 69. Donostia Zinemaldian eskainiko dute egunotan.

https://youtu.be/3Ue0zcF-Rmk