Donostia Zinemaldiak Donostia Saria emango dio gaur Johnny Depp estatu batuarrari, aktore eta ekoizle egindako ibilbide oparo eta arrakastatsuari aitortza gisa. Zinemaldiko arduradunek albistea iragarri zutenean gertatu bezala, erabakiarekiko desadostasuna adierazi dute emakume zinemagileen zenbait elkartek. Sare sozialen bidez zabaldu dute gaurko egunaren inguruan eginiko irakurketa.

Aktore baten ibilbide artistikoari aitortza egiten dio sariak, baina horren aurrean azaldutako iruzkinek ez dute zerikusirik Deppen jardun profesionalarekin. Izan ere, erabakia kritikatu duten elkarteek ez dute begi onez ikusten indarkeria matxista leporatu zaion aktore bat saritzea. Emakume asko kaltetzen dituen afera den heinean, eta jaialdiak komunikabideetan zein imajinario kolektiboan duen oihartzuna kontuan hartuta, erabakia hartzerako unean izan duen ardura falta leporatu diote Donostia Zinemaldiari.

Gaurko egunaren inguruan eginiko irakurketa zabaldu dute Twitter sare sozialaren bidez partekatutako hari batean:

Zergatik ez dugu gaur txalotzen Donostia Zinemaldia? Ez da erraza, ezta sinplea ere. Egoerari buruz hitz egin nahi dugu, bere konplexutasunean. Estatu espainiarreko zazpi zinemagile-elkarte feministok sinatzen dugu haria.

Ohorezko sari bat erabakitzeko orduan kontuan hartzen diren faktoreak, ez dira artistikoak soilik (ospeagatik izan daiteke, gizartearekiko inplikazioagatik, jaialdiarekiko kidetasunagatik eta abarrenagatik). Jaialdi bakoitzak bere irizpideak ditu, baina ez dira inolaz ere artistikoetara mugatzen. Faktore horien artean, jaialdi bakoitzaren erabakia da genero-ikuspegia eta aniztasuna sartzea edo ez sartzea.

Zein da indarkeria matxistaren kasuei aplikatutako ikuspegi hori? Zenbait gogoeta:  Abiapuntua da erasotzaile guztiak eta biktima guztiak ez direla berdinak, indarkeria-harreman guztietan ñabardurak daudela, eta, hain zuzen ere, horregatik ez direla komunikabideak hori hitz egiteko lekuak. Ez gara epaileak, ez da gure zeregina.

Emakume asko kaltetzen dituzten egoera konplexuez ari garela onartzen badugu, gai horren inguruan eztabaidatzeak banalizatu egin dezake berehala. Jabetzen al gara ekintza horiek imajinarioan duten indarraz? Kontuan izan behar da, halaber, A mailako nazioarteko jaialdi batean horrelako sari bat emateak komunikabideetan eta imajinario kolektiboan duen oihartzuna.

Egin ditzagun hausnarketa batzuk: Zer mezu ematen da indarkeria matxistagatik salatutako gizonak txalotuak direnean? Alfonbra gorrietan argazkiak ateratzen dituztenean? Zalez inguratuta agertzen direnean? Nola islatzen da irudi hori indarkeria matxistaren esparru kontzeptualean? Indarkeria matxistagatik prozesatua edo epaitua izan den norbait ohorezko sarien zerrendatik kanpo uzteko erabakia hartzeak ez du esan nahi haren balio artistikoa aitortzen ez denik. Erantzukizuna da.

Ikuspegi feministez ari garenean, erabakiez arduratzeaz ere ari gara, ohorezko sariak ematea bezalako ekintzen ondorioak neurtzeaz. Laburbilduz, gai izan behar dugu ikusteko gure ekintzetako zeintzuk laguntzen duten gizarte justu eta anitza sortzen, eta zeintzuk diren begirada patriarkal eta kolonialak markatzen dituenak, azken ikuspegi honek gure ekintzen eta haien ondorioen ardura hartzea eragozten digularik. Indarkeria matxistarekin lotutako akusazioak dituen gizon bat saritzea erantzukizun horiek saihestea da. Horregatik gaur ez dugu txalorik egiten.

Indarkeria matxista salatu nahi eta ausartzen ez diren emakumeengatik; salatu ondoren sinetsiak ez direnengatik; sufritzen eta borrokatzen dutenengatik; beren indar eta minagatik erail zituztenengatik. Guztienganako errespetuagatik, gaur, guk ez dugu txalotzen.

Sinatzaileak: (H)emen Elkartea; CIMA -Asociación de Mujeres Cineastas y de Medios Audiovisuales; AMMA Murcia; AAMMA Andalucia; Bienal Internacional Dona i Cinema; Acció Dones Visuals; Mujeres en la Industria de la Animación.