Euskal Herrian sortutako film laburrak sustatu eta nazioartekotzeaz arduratzen den KIMUAK egitasmoak jaso zuen bart 69. Donostia Zinemaldiaren Zinemira saria. Euskal Zinemaren Galaren aterkipean, gure industriaren protagonista eta eragile ugari bildu ziren Victoria Eugenia Antzokian.

(Argazkia: Alex Abril | Donostia Zinemaldia)

Harkaitz Canok eta bere lantaldeak ondutako ekitaldi xume bezain ederra izan zen atzo gauean Victoria Eugenia Antzokiak jasotakoa. Belakoren doinuez lagunduta -parte bat abesti eskaini zuten hirukote formatuan-, sari banaketa hutsa izateaz harago, euskal dokumentalgintzari gorazarre egin eta sektorearen indarra aldarrikatu zuen hitzorduak.

Izan ere, irudi eta hitzartze desberdinen bidez, banan bana aurkeztu zituzten Irizar sarirako hautagaiak diren lanak, zein Zinemira saila osatzen duten gainerakoak. Maixabel Lasa, Eneko Etxeberria eta Martxelo Otamendik osatutako hirukotearen parte hartzea nabarmendu zen beste guztien gainetik; izan ere, dokumental gisako proiektuek “ahanztura eta desmemoriaren” aurka betetzen duten papera azpimarratu zuten Maixabel, Bolante baten historia eta Paperezko hegoak filmetan ardatz diren protagonistek.

“Gu hirurotako bakoitzari ezohiko zerbait gertatu zitzaigun, eta horregatik ikusi gaituzue pantailetan. Gure herriaren historian markatuta gelditu ziren egun horiek guri gertatu zizkitzaigulako. Batzuetan ikusteko zaila denarekin aurrez aurre jartzen gaitu pantailak; ilunpean ikusten dugun horrekin elkarrizketa isila izatera behartzen gaitu eta, argiak pizten direnean, galdera eta begirada berrituekin irteten gara zinematik. Oharkabean, beste norbaiten ikusopegia daramagu gainean. Lehen, galdetu du norbaitek ea zertarako egiten den dokumental bat. Arrazoi asko daude horretarako, baina, batez ere, gertatutako ahanzturaren eta desmemoriaren zulo beltzak irents ez dezan. Paco Etxeberriak esaten duen bezala, momentuko testigantza bat uzteko. Etorkizunean inork ez diezagun esan guk bizitako hori ez zela gertatu”.

(Argazkia: Alex Abril | Donostia Zinemaldia)

Txalo zaparrada KIMUAK egitasmoarentzat

Kimuak egitasmoak jaso du aurtengo Zinemira saria, eta hain zuzen, ekimenaren Txema Muñoz eta Esther Cabero arduradunak gonbidatu zituzten jarraian oholtzara. Euren ibilbidearen hastapenetan programaren parte izan ziren hainbat aurpegi ezagunen eskertza mezuak jasotzen zituen bideo batek eman zion goxotasuna uneari. Besteak beste, Bego Vicario, Koldo Almandoze, Moriartiarrak, Asier Altuna, Tinieblas Gonzalez azaldu ziren pantailan, eta omenduek mundu mailako industrian duten garrantzia eta, bidelagun gisa, profesionalei eskaintzen dieten babesa azpimarratu zituzten.

Borja Cobeaga eta Jone Fernadezen eskutik jaso zuten golardoa Muñozek eta Caberok, eta haiek ere Kimuak proiektuaren parte izan diren profesional guztiak izan zituzten gogoan: “Guk esan ohi dugu Kimuak tresna bat dela eta, zentzu horretan, ez da oso ohikoa makina bati sari bat ematea. Tresna batek duen behar nagusia ondo zaintzea da eta, egia esan, gu ondo zainduta sentitu gara beti. Jende askok jarri du bere alea gure lanarekin gustora eta pribilegiatu sentitu gaitezen, eta legezkoa da horiek guztiak gogoratzea (…) gure lanak zentzua badu, zuek hor zaudetelako da eta. Zuena da Zinemira saria!”