Zuzendaria: Madiano Marcheti
Urtea: 2021
Herrialdea: Brasil
Saila: HORIZONTES LATINOS
Iaz, pertsona transexual bat hil zuten bi egunetik behin Brasilen. ANTRAren (Asociación Nacional de Travestis y Transexuales) azken txostenek ziotenez, 175 izan ziren transfobiaren biktima mortalak herrialdean, aurreko urteko 145ak baino % 40 gehiago, eta rankingean bigarren dagoen herrialdean (Mexiko) baino ia hiru aldiz gehiago. Horrelako lekuetan, ia eguneroko kontutzat edo zenbaki soiltzat hatzen diren tragediekiko hoztasuna kontuan izanda, ez da harritzekoa trans eta trabestien heriotzen inguruko albisteak irratiko beste notizia hutsalen eta iragarpenen zurrunbiloan nahastea. Egunerokotasunaren sorgortasun beldurgarri hori uzten du agerian Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean estreinatu den Madalenak, Madiano Marchetiren lehen film luzeak. Soja plantazioz betetako Brasilgo eskualde txiro batean, gorpu misteriotsu bat dute ezkutuan baso-soiltzea eragiten ari diren monolaborantza basamortu erraldoi horiek: Madalena da hil berriaren izena, eta pelikulan zehar agertzen ez bada ere, bera da zintaren protagonista, zenbaki huts bihurtu direnen eta haien isiltasunaren ikurra.
Fikziozko kontakizunen konbentzioetatik aldenduta, formatu periferikoetatik hurbiltzen da filma gertakizun tragikora. Denboraren logika narratibo-lineala jarraitu gabe, badirudi Marchetiri espazioaren logika interesatzen zaiola gehien: jaioterria duen lekuaren mapa konplexua eraikitzea, hain zuzen. Beraz, zentzu horretan, filmean ez da pertsona transen aurkako biolentziaren azalpen kausalik emateko asmorik, baizik eta, lurralde espezifiko baten eta bertan bizi direnen jarrera, sinesmen eta elkarrizketa ‘akzidentalekin’ azterketa ia antropologikoa osatzekoa. Agerian uzten ditu, horrela, mutilen eta nesken harremanetan jartzeko moduen desberdintasunak, sare sozialak eta gazteriaren inperatibo estetiko berriak, droneak OHEtzat hartzeko sineskeriak, eskualdeko kontserbadurismoa… oro har, Madalenaren heriotzaren injustizia argitzen saiatzeko zenbait dirdai.
Horrez gain, aipatu beharra dago filmaren formatu marjinala bat datorrela kontakizuneko biktimekin, hau da, transexual, trabesti, eta genero araudien inperatiboetatik urruntzen diren pertsonaia periferikoekin. Biolentzia erretratuaren krudeltasuna ez da etsipenean erortzen, ordea, itxaropenez eta fedez ere beteta baitago pelikula. Izan ere, homogeneizazioaren atzaparren aurkako erresistentziaren alegatu ederra eraikitzen du Marchetik: soja plantazioen ilara paralelo beldurgarrien artean, zuzendariak deforestazioaren kontra bizirik mantentzen ari den oihan eremu txiki bat filmatzen du, baita ñandu izeneko ostruka klasea ere, soroetako sojaz elikatuz habitat berria jasateko gai izan den animalia espezie autoktono bakarra. Erresistentziaren eta dibertsitatearen aldeko defentsa ezin hobeto irudikatzen dute motibo horiek, Marchetik estimu eta edertasun handiz filmatzen dituen emakume transexualen gorputz ez-normatiboek bezala.