Akelarre (2020) filmaren taldeak VII. EZAE Saria jaso du gaur goizean, euskal zinemagintzari egindako ekarpenagatik. Lan-taldeko kideek, Donostia Zinemaldiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagastik eta EZAEko presidente Alfonso Benegasek parte hartu dute ekitaldian.
EZAEk, Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak, VII. EZAE Saria eman dio Akelarre (2020) filmari, euskal zinema-industriari egindako ekarpenagatik, sarreren salmentan izandako arrakastagatik, egindako ibilbideagatik eta lanak duen kalitate bikainagatik. Donostia Zinemaldiaren baitan egin dute sari-banaketa ekitaldia, eta filmaren lan-taldeko kideak hurbildu dira bertara.
Arrakastaren olatuaren txanpa hartuta dabil oraindik Akelarre (2020). 68. Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu eta Espainiar Estatuko areto komertzialetan ikusgai egon ondoren, martxoaren 6ko Goya sarien galan bost garaikur lortu zituen 1609ko sorgin-ehizan girotutako drama euskaldunak. Besteak beste, jantziteria (Nerea Torrijos), makillaje eta ile-apainketa (Beatushka Wojtowiez eta Ricardo Molina), efektu berezi (Mariano Garcia Marty eta Ana Rubio), jatorrizko musika (Maite Arroitajauregi eta Arantzazu Calleja) eta zuzendaritza artistiko (Mikel Serrano) onenaren sariak.
Astebete geroago, martxoaren 12an, jarri zuten ikusgai Netflix plataforman, eta arrakasta berehalakoa izan zen: mundu mailako eduki ikusienen artean hirugarren postuan kokatu zen, Sentinelle eta Moxie telesailen atzetik. Latinoamerikako hainbat herrialdetan, hala nola, Mexikon, Argentinan, Brasilen, Costa Rican eta Uruguain ere lehen postua eskuratu du; Suitzan, Polonian eta Grezian, aldiz, bigarrena; eta Txekiar Errepublikan, Maltan eta Errumanian hirugarrena. Turkia, Nigeria eta Libano bezalako urrunagoko estatuetan laugarren, zazpigarren eta bederatzigarren eduki ikusiena izan da, hurrenez hurren.
Bada, Estatu frantsesean eman ditu azken urratsak, eta arrakasta pareko izan da ere bertan. 30.000 ikusletik gora izan zituen karteldegian igarotako lehen bi asteetan, eta aurkezpen arrakastatsu ugari egin zituen Pablo Aguero zuzendariak berak lurralde osoan barna.