Aitor Merino aktore eta zinemagileak iragan udaberrian, Malagako zinema jaialdian, aurkeztu zuen Fantasia bigarren dokumental luzea (2014an estreinatu zuen Asier ETA biok), eta Euskal Zinemaren Irizar saria erdietsi zuen proiektu hura bexalaxe, Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean izango da ikusgai, lehiaz kanpo, oraingoan. Gaur eta bihar, irailak 21 eta 22, egingo dituzte emanaldiak.

Aitor eta Amaia neba-arrebek laster beteko dituzte 50 urte, eta oso gazteak zirenetik gurasoengandik urrun bizi izan dira. Fantasia izeneko gurutzaontzian egingo dute bidaia laurek, beharbada, guztiek elkarrekin egingo duten azkena.

Bihurrikeria modura abiatu zuen esperimentu zinematografikoa forma hartzen joan da azken lau urteetan Doxa Producciones ekoiztetxearen eta Amaia arrebaren laguntzarekin, eta 100 minutuko denboraren kapsula osatu du Merinok, Kontxi eta Iñakiren harremana oinarri. “Hasieran ni agertu gabe grabatzea zen asmoa, baina kasu honetan, nor dago kameraren atzean? Semea! Eta hala izan ez balitz, oso bestelako filma litzateke, semeak gurasoei zuzendutako begirada delako honakoa”. Proiektuak utzi dion aho-zaporeaz galdetuta, “Uste dut dokumental hau luzerako doala”, adierazi digu, “Eta 20 urte barru, gurasoek hemen ez daudenean… orduan izango dela potentea”.

Donostia Zinemaldiaren testuinguruan, arratsaldeko emanaldiaren aurretik, elkartu gara Merinorekin proiektuaz solas egitera. Jarraian duzue elkarrizketaren laburpen bideoa.