Gaur, irailak 20, abiatuko dute Donostia Zinemaldiko Nest sailaren 20. ekitaldia, eta asteazkenera arte, nazioarteko zinema eskoletako ikasleen hamalau proiektu bistaratuko dituzte Tabakaleran. Emanaldiez gain, hiru jarduera berezitan hartuko dute parte ikasleek: Céline Sciamma zinemagile frantziarraren solasaldian, Laura Wandel zinemagilearen maisu eskolan, eta Nest sailean izandako ikasle ohien topaketan.

Nazioarteko ikus-entzunezko sortzaile konsagratuen topaleku ez ezik, mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen bilgune bihurtzeko asmoa ere iragarri zuen Donostia Zinemaldiak orain hogei urte, eta bi hamarkada geroago, Nest sail lehiakorraren bidez, helburua bete duela esan genezake. Izan ere, dozena bat zinema ikasle hurbiltzen dira urtero jaialdira, obra berrienak bistaratzera ez ezik, solasaldietan zein profesionalek eskainitako eskola magistraletan parte hartzera.

Aurtengoan hamalau izan dira 20. Nest sailean lehiatzeko hautatutako film laburrak, eta gaurtik asteazkenera, irailaren 20tik 22ra, eskainiko dituzte guztiak Tabakalerako zinema aretoan. Ondorengoa da izenburuen zerrenda:

  • À la recherche d’Aline – Rokhaya Merieme Balde, Suitza
  • After a Room – Naomi Pacifique, Erresuma Batua, Herbehereak eta Suitza
  • Algo así como la noche – Alván Prado, Espainia
  • Crashing Waves – Lucy Kerr, AEB
  • Fantasma Neon – Leonardo Martinelli, Brasil
  • Hullet – Christoffer Ansel, Danimarka
  • Ob Scena – Paloma Orlandini Castro, Argentina
  • Ospalky – Kterina Hrovíková, Slovakia
  • Planuri de vacanta – Alexandru Mironescu, Errumania
  • Podul de piatrá – Artiur-Pol Camprubí, Espainia
  • Rondinella – Nikita Merlini, Suitza
  • U sumi – Sara Grguric, Kroazia
  • Ye sing ren min gong yuan – Feng Yi, Txina
  • Yearlings – Mélanie Akoka, Frantzia

Arratsaldeko 15:00tan egingo dute film laburren lehen pasea (hemen kontsulta dezakezue egutegi osoa), baina horren aurretik, goizeko 11:00etan, jarduera osagarrietako baten bidez abiatuko dute saila. Hala, Céline Sciamma zinemagile frantziarrarekin solasteko aukera izango dute ikasleek Tabakaleran egingo duten solasaldian. Sortzaileak Petite maman proposamena aurkeztuko du Perlak sailean, Berlingo zinema jaialdian lehiatu ostean.

Bihar, ostera, Nest saileko aurreko edizioetan parte hartu zuten lau ikaslerekin bilduko dira gazteak Tabakalerako zinema aretoan. 16:00etan izango da, goizeko filmen pasearen ondoren, eta Kiro Russo, Inês de Lime, Mina Fitzpatrick eta Óscar Vincentelli sortzaileekin solasteaz gain, podcast bat grabatuko dute.

Nest sailari amaiera emateko, azkenik, Laura Wander zineagile belgikarraren maisu eskola izango dute asteazkenean, irailak 22, 15:30ean. Wandelek 2007an aurkeztu zuen Murs lana Nest sailean, eta aurten Un monde lehen luzearekin izango da Zabaltegi-Tabakaleran, Cannesko Un Certain sailetik igaro den eta FIPRESCI saria jaso duen filma. Aurretik, 10:00etan eta 12:15ean, aurtengo azken lau proposamenak bistaratuko dituzte Tabakaleran.

Nest saria

Sailaren helburu nagusia zinemagintzaren teknika eta hizkuntza ikasteko gogoa duten ikasleen etorkizuneko lanak bultzatzea eta babestea da, eta hala, 10.000 euroko sari gordinaz gain, filmaren internazionalizazioa eta distribuzioa bultzatzeko aukera era eskaintzen diote lan irabazleari. Aurtengo epaimahaia, hain zuzen, Isabel Peña gidoilariak (epaimahai burua), Jorge Cantos zuzendariak, David Pinheiro Vicente zinemagileak eta Elsa Rosengren zuzendariak osatuko dute.

Informazio osagarria Donostia Zinemaldiaren webgunean duzue eskuragai.