Postprodukzio-fasean dauden Latinoamerikako sei film hartuko ditu bere gain gaur abiatuko duten Donostia Zinemaldiaren industria ataleko WIP Latam egitasmoak. Asteazkenera bitartean, Principe aretoan egingo dituzte industriako kideei zuzendutako emanaldiak.
Latinoamerikako zinemarekin duen konpromisoa berresteko, bertako sortzaileen lanak garatzeko eta bukaeraraino eramateko laguntza eskaintzen duen WIP Latam topaketa antolatzen du Donostia Zinemaldiak urtero, industriari eskainitako programazioaren baitan. 60 minutu baino gehiagoko iraupena duten eta Latinoamerikako herrialdeetako ekoiztetxeek (nagusiki) ekoizten dituzten proiektuei zuzenduta dago, eta uztailaren 1era arte izan da zabalik jaialdiaren 69. edizioan parte hartu ahal izateko deia. 161 film aurkeztu dira guztira, eta horien artean sei hautatu dituzte arduradunek.
Manuel Abramovich argentinarrak Pornomelancolia / Pornomelancholia aurkeztuko du; 2018an jaialdiko Ikusmira Berriak egonaldi-programan El Oasis izenarekin garatu zuen film proiektua. Mundu garaikideko intimitatearen mugei buruzko hausnarketa da filma.
Bestalde, Un varon / A Male, TorinoFilmLabeko FeatureLab 2019an hautatua, Fabian Hernandez zuzendari kolonbiarraren lehen film luzea da. Carlosen istorioa kontatuko du, inguruan nagusi dituen gizontasun-estereotipoetatik askatzeko borrokan ari den nerabe batena, hain zuzen.
Ana Cristina Barragan ekuadortarrak sorkuntzako graduondokoa egin zuen Elías Querejeta Zine Eskolan, eta bere bigarren film luzea aurkeztuko du lehiaketan: La piel pulpo / Octupus Skin, uharte urrun batean isolatuta bizi diren bi biki neraberen, amaren eta haurride nagusiaren arteko familia-harreman korapilatsuei buruzko istorioa.
Dos estaciones Juan Pablo Gonzalez mexikarraren lehenengo fikziozko lana da. 2019an Koprodukzio Foroan parte hartu zuen proiektua, tekila-fabrika tradizional baten oinordekoak atzerriko korporazioen presioei aurre egin eta bizirik irauteko pairatu behar dituen gorabeherei buruzkoa da.
Carlos Lechuga zinemagile kubatarrak bere hirugarren film luzea aurkeztuko du, Vicenta B. izenekoa. Vicenta B. Habanako santera bat da, pertsonen etorkizuna ikusteko dohain berezia duena, eta seme bakarrak Kubatik alde egitea erabakitzen duenean, krisian sartuko da.
La hija de todas las rabias / Daughter of Rage Laura Baumeister nikaraguarraren lehen film luzea da. Maria da film luze honen protagonista, Managuako zabortegian bizi den neskato bat; amak abandonatzen duenean, haren bila joatea erabakiko du, bere bizitza arriskuan jarriko duten protesta bortitz batzuen erdian.
Principe zinema-aretoan egingo dituzte WIP LATAM ekimenean aukeratutako filmen proiekzioak, iralaren 20, 21 eta 22an, arratsaldeko txandan (HEMEN kontsulta dezakezue programazio osoa). Halaber, filmak Zinemaldiko Bideotekan egongo dira eskuragarri, behin aretoetan proiektatzen denetik eta festibala bukatu arte, irailaren 25an.
Sariak
Jaso ditzaketen sariei dagiokienean, bi berrikuntza nagusi aurkeztu dira aurten: batetik, Paradiso Projeto Sari berria banatuko dute, Olga Rabinovich Institutuaren bidez, nagusiki Brasilgo ekoiztetxeen parte-hartzea duen balizko proiektu bati 10.000 dolar estatubatuar emango dizkiona. Bestetik, Industria Saria eta EGEDA Platino Industria Sariaren irabazleek 2022ko Cannesko Marché du Filmen proiekzio bat egin ahal izango dute.
Horrez gain, aurreko edizioetan bezalaxe, Industria Sariak postprodukziorako laguntza, ingelesezko azpidatziak eta Espainiako banaketa bermatuko ditu; eta EGEDA Platino Industria sariak 30.000 euro gordin emango dizkio ekoizle nagusiari.
Proiektu bakoitzaren informazio osagarria, Donostia Zinemaldiaren webgunean aurki dezakezue.