69. edizioa izanagatik, Donostia Zinemaldia bada oraindik ezustekoetarako plaza. Espero gabe iristen diren berri on horien gisara, Irati film luzearen ezusteko aurkezpena egin zuen atzo Paul Urkijo zuzendariak Kursaal eraikineko prentsa aretoan. Euskal Mitologian oinarritutako “proiektu epiko bat” izango da, historia, ezpaten borrokak, eta paisaia naturalak nahastuko dituena. 

Euskarazko film berri honek Eneko (Eneko Sagardoy) izango du protagonista. Gazte noble eta kristaua, zeinak era paganoan lurperatutako bere aitaren gorpua aurkitu nahi duen. Pirineotako basoetan murgilduko da horretarako, eta Irati (Edurne Azkarate) izeneko tokiko emakume baten laguntza izango du horretarako. Aktoreek beraiek azaldu dutenaren arabera, “izaki mitologikoz beteriko mundu ilun batean murgilduko dira, non “Izena duen guztia, bada”.

Urkijo zuzendaria eta Sagardoy eta Azkarate protagonistekin batera, aurkezpenean izan zen ere Itziar Ituño, beste aktoreetako bat. Misterioa mantentze aldera, ez zuen jokatuko duen rolaren inguruko daturik eman, Urkijok istorioaren garapenean eragina duen “pertsonaia sakon bat” antzezteko aukera eman diola azaltzeaz harago: “Ez dizute esnago nor naizen, baina onartu dezaket oso pertsonaia esaguratsua eskaini didatela, barne-barneraino sartzen zaidana, oso gustora antzeztuko dudana… eta sekulako erronka dela niretzat”. Aipatutako hiru kideekin batera, Iñigo Aranbarri, Kepa Errasti, Elena Ruiz, Nagore Aranburu, Iñaki Beraetxe, Iosu Eguzkiza, Aitor Etxarte, Miren Tirapu, Gaizka Chamizo, Patxi Biskert, Ramon Agirre eta Karlos Argiñano egongo dira talde-artistikoan.

VIII. Mendean girotuta, Orreagako (Nafarroa) batailaren ostean, filmak Joxean Muñoz eta Juan Luis Landaren El ciclo de Irati komiki ezaguna du oinarri, ikuspegi “ilun eta epiko batera eramanda”. Euskal Herriko mitologiaren parte diren pertsonaia eta izakiak, ezpata-borrokak eta Euskal Herriko paisaia ezagunak erakutsiko dira bertan.

Ikusgarri Films, Bainet eta Kilima Media ekoiztetxeek babestu dute proiektua, eta izen ezagunak ageri dira ere talde-teknikoa osatzen duten profesionalen artean: Gorka Lazkano –Errementari (2017) filman ere aritutakoa- da ekoizpenaren euskara arduraduna; Gorka Gomez aritu da argazki-zuzendari lanetan; eta Akelarre (2020) filmerako sortutako doinu bikainei esker Goya saria irabazi zuten Arantzazu Calleja eta Maite Arroitajauregik sortuko dute musika.

Urte erdiz espazio naturaletan filmatu ostean, datorren astetik aurrera hasiko dira aktoreekin grabatzen. Zortzi asteko errodajea izango da, eta posprodukzio “lan mardulari” ekingo diote ondoren. Ondo bidean, 2022ko udazkenean estreinatu nahi dute.

“Saiatu nahi dut ahalik eta pelikula handiena egiten, zerbait epikoa, gure kultura eta lurrari eskainia”, amaitu du Urkijok.