Zuzendariak: Iñaki Alforja eta Iban Toledo
Urtea: 2021
Herrialdea: Euskal Herria
Saila: ZINEMIRA

Filmaren zuzendari Iñaki Alforjak lanaren aurkezpenean egin zuen bezala, nik ere hausnarketa txiki baterako gonbitea luzatuz abiatu nahi nituzke lerrook. Horretarako aukera duzuenek, egin ezazue gogoeta 1980ko ekainaren 11tik hona bizi izan duzuen guztiaren inguruan: Zenbat urtebetetze, zenbat ospakizun; jaso duzuen poz, min, bakoitza; gainditu dituzuen helburu eta sufritu dituzuen porrotak… Pentsa ezazue nola aldatu den zuen bizitza, bizi duzuen mundua, azken 41 urteotan. Pentsa bizipenek zuen izatea eraikitzeko bidean hartu duten pisuan, eta pentsa horiek bizi ahal izateak suposatu duen pribilegioan.

Hauxe nire galdera: Zenbat neke, galdera, ilun, pilatu daiteke 41 urte horietan luzatu den sufrimendua batean? Eta, zenbat duintasun kabitzen da denbora guzti horretan anaia bilatzeari utzi ez dionaren barruan?

Ni ez naiz ‘Naparraren anaia’. Nik izan nahi dut Eneko Etxeberria Alvarez”. Intentzionalitate osoz kokatu dituzte hitzok ikus-entzunezkoari hasiera ematen dioten lehen minutuetan. Izan ere, Bolante baten historia min gordin baten kontakizuna da, luze, luzeegi borrokatu duen familia eta inguru baten baten emozio eta gogoeta multzoa. Egia ezagutu, sufrimenduaren zama astuna askatu eta aurrera egin nahi luken jende baten laguntza deia. Egokia eta ederra, bere gordintasunean.

Hasieratik jarritako mugarria izan dute dokumentala Donostia Zinemaldian aurkeztea. Horrelako kasu batek behar eta merezi duen oihartzuna izatera iristeko bidezidor bat, tantaka jaso duten errekonozimendu eta laguntza apal horren aurrean. Eta landutakoaren fruituak jasotzeko unea dute orain. Gure ardura da jasotako mezua hartu eta zabaltzen jarraitzea.

Memoria ariketa zintzoa aurkeztu digute egileek aretoa lepo bete dugun ikusle mordoari. Eneko Etxeberria beraren kontakizunaren ildotik, bere bizipenei jarraika, eta gertakariaren lekuko izan ziren protagonisten azalpenei esker, Naparra zenaren desagerpenaren ertzak eta argiilunak hobeto ulertzen lagundu digun arrasto eta datu mordoa eskaini digu filmak. Nabarmentzekoak, besteak beste, Iñigo Iruin abokatuaren, Paco Etxeberria mediku-forentsearen, KAAn burkide izan zituen errefuxiatuen edo garaiko ETAren zuzendaritzako kidearen hitzak.

40 urte Jose Miguelen xerka.

Egunero, orduoro.

Beste bizitza batzuk irentsi dituen (Celes, Patxiku) bizi oso bat.

Galdezka.

Zain.