Donostia Zinemaldiaren markoa baliatuta, (H)emen eta MIA elkarteetako kideek agerraldia egin zuten atzo Tabakaleran. Ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen arloetako emakume guztien lana balioan jartzeko beharra aldarrikatu zuten, eta talde argazkia atera zuten amaieran.

(Argazkia: Montse Castillo | Donostia Zinemaldia)

Atzo irudikatutako indar erakustaldiaz gainera, parte hartze aktiboa izango du (H)emen ikus-entzunezko eta arte eszenikoen sektoreetako emakume profesionalen elkarteak 69. Donostia Zinemaldiaren egitarauaren barruan. Alde batetik,  lan-jardunaldi bat antolatuko dute jaialdiaren Pentsamendua eta Eztabaida topagunean. Genero-berdintasunarekin zerikusia duten gaien inguruan hausnartzea, eztabaidatzea eta akordioak lortzea izango dute helburu, eta bertan landuko dituzten gaien zerrenda (H)emenek eta Zinemaldiak landuko dute elkarrekin.

Emakumezko profesionalek zinema industrian, hala nola, zinema jaialdietan, sail ezberdinetan zein eztabaida foroetan, sartzeko dituzten aukerak; jaialdien kode etikoak, emakumeen aurkako delituen aurrean; eta sexu zein genero nortasun ezberdinen aitortza eta berdintasuna bezalako gaien inguruan ardaztuko da saioa. Elkarrizketarako gune bat izango da, Zinemaldiak iaz sortu zuen Pentsamendua eta eztabaida ekimenaren baitan, eta espazio erreal, ireki eta errespetuzkoa eratzeaz gain, akordioak eta konpromiso publiko eta adostuak lortzeko aukera ere eskainiko du.

Bertan landuko diren gaiak bi entitateek adostuko dituzte aurrez egingo duten lanketa saioan, eta besteak beste, Johnny Depp aktoreak jasoko duen Donostia Sariaren zein antzezpen sarietan genero-bereizketa kentzearen inguruan eztabaidatuko dute. Horretarako, sariarekin jarrera kritikoa erakutsi duten kolektiboen, gizarte-eragileen eta industriako eragileen arteko elkarrizketa sustatuko dute.

Emakumeak eta industria

Aipatutako jardunaldiaz gainera, sinergia profesionalak sortzea eta filmen ikusgarritasuna sustatzea helburu duen deialdia eskaini dute Donostia Zinemaldiarekin elkarlanean.

EAEko emakumezko zinemagileen lau proiektu hautatu dituzte, eta Industria atalean lehentasunezko sarbidea izango dute finantzaketa zein koproduktoreak bilatu ahal izateko. Uztailaren 7ra arte zabaldu zuten deialdia, eta bete beharreko baldintzen artean ziren proiektuak EAEkoak izatea, emakumezkoek zuzendutakoak eta finantzaketaren % 20 lotuta izatea. Horrez gain, kontuan izan dute ekoizpenean andrazkoek duten parte-hartzea.

Bada, jasotako proposamenen artean ondorengo lau egitasmoak aukeratu dituzte:

  • Goizeder Urtasun eta Carola Rodríguezen Modu Modua
  • Norma Vilaren Tormenta en Abril
  • Iratxe Fresnedaren Tetuán
  • Leire Apellanizen Extinción Rebelión