Shahrbanoo Sadat zuzendari afganiarrak klase magistrala emango du asteartean, hilaren 21ean, Donostia Zinemaldiaren 69. edizioaren baitan. Publiko orokorrari zuzendutako saioa izango da, ingelesez, eta akreditaziodunek sarrera erreserbatzeko aukera izango dute ere.

Donostia Zinemaldiak elkar topatzeko eta ezagutza partekatzeko gune gisa aldarrikatzeko zuen nahietik abiatuta sortu zuten iaz Pentsamendua eta eztabaida izeneko atal berria. Honen bidez, zinemaldiaren arlo tranbertsalak, nazioarteko jaialdiek eta egungo zinema-kulturak dituzten erronkei erantzun nahi dienak, urte osoan zehar luzatzen diren eduki eta ekitaldi desberdinak antolatzen ditu: eskola magistralak, hitzaldiak, topaketak eta mahai-inguruak prestatu dituzte industriaren, sormenaren eta prestakuntzaren ikuspegitik zinemaren gaineko eztabaida bultzatzeko.

Bada, ekimen horren baitan antolatutako agerraldia izango da asteartean, hilaren 21ean, 11: 30etik 13:00etara Tabakalerako Z aretoan egingo dutena. Irati Crespok, Elias Querejeta Zine Eskolako ikasle ohi, programatzaile, zinema kritikari eta Zinemaldiko 365 taldeko kideak, egingo ditu moderatzaile lanak eta Shahrbanoo Sadat zinemagileak Afganistanen gaindu behar izan dituen erronkei buruz hitz egingo dute.

Zinemaldiaren ibilbideari dagokionez, bere lehenbiziko filma, Wolf and Sheep (2016), Cannesko Quinzaine des Réalisateurs-en saritua izan zen, eta baita The Orphanage (2019) bigarren filma ere. Besteak beste, Rotterdamen, Locarnon, Busanen, Chicagon edo Londresko zinema-jaialdian programatu dituzte bere lanak. Gainera, Cannesko Cinéfondationeko gidoi-egoitzan aukeratu duten zuzendari gazteena da.

Ingelesa izango da emango duen eskola magistralaren hizkuntza nagusia, baina aldi bereko itzulpen zerbitzua eskainiko dute euskaraz zein gaztelaniaz. Publiko orokorrari zuzendutako saioa izango da, eta Tabakalerako informazio puntuan eskuratu ahal izango dira gonbidapenak. Donostia Zinemaldiaren akreditatuek, aldiz, sarrera arruntak erreserbatzeko sistema beraren bidez lor ditzakete.

Elkarrizketak

Shahrbanoo Sadat zuzendari afganiarrak eskainitakoa Pentsamendua eta Eztabaida atalak Zinemaldiaren 69. ediziorako atondu -eta lehenagotik iragarri- duen egitarau anitzaren proposamenetako bat izango da. Jarraian dituzue hitzordu guztiak:

– Topaketa ikasleekin | CÉLINE SCIAMMA. Irailak 20, astelehena, 11:00-12:15. Tabakalerako zinema-aretoan. Zinema ikasleentzat soilik.

Klase magistrala | SHAHRBANOO SADAT. Irailak 21, asteartea, 11:30-13:00. Tabakaleraren Z Aretoan. Publiko orokorrari zuzendutako ekitaldia.

Klase magistrala | JAMES MOCKOSKI. Irailak 21, asteartea, 18:30-20:00. Tabakaleraren Z Aretoan. Tabakaleraren Z Aretoan. Publiko orokorrari zuzendutako ekitaldia.

Klase magistrala | LAURA WANDELEN. Irailak 22, asteazkena, 15:30-16:45. Tabakalerako zinema-aretoan. Publiko orokorrari zuzendutako ekitaldia.

Klase magistrala | PAOLO SORRENTINO. Irailak 22, asteazkena, 19:00-20:30. Tabakalerako zinema-aretoan. Publiko orokorrari zuzendutako ekitaldia.