Zuzendaria: Zhang Yimou
Urtea: 2020
Herrialdea: Txina
Saila: SAIL OFIZIALA

Ba al da 69. Donostia Zinemaldia hasteko modu hoberik zinemari berari, eta batez ere, filmak pantaila handian ikusteari egindako omenaldi zoragarri bat proposatzea baino? Mihise zuria herriko aretoa nagusian eskegi eta bizilagun guztiak, izan haur gazte edo heldu, bertan elkartuko ditu Zhang Yimou zinegile txinatarrak bere azken lanean. Zerbait bada, YI MIAO ZHONG (ONE SECOND) esperientzia kolektiboaren aldeko aldarri nostalgikoa da.

Guztiz ahanzturan geratu da zinemagilearen aurreko lana, Shadow (2018), non wuxia generoari bestelako buelta bat ematen saiatu zen. Hero (2003), The House of Flying Daggers (2004) edota The Great Wall (2016) filmekin lortutako arrakasta komertzialari segida eman nahi zion, baina badirudi, bere filmografiako lehenengo film pertsonalagoetara itzultzea erabaki duela. Yimouk berrartu egin du ondoen menperatzen duen erregistroa, sentsibilitatea lehenestea istorioaren handitasuna eta efektu berezien gainetik.

Maoismoaren mehatxua presente dute Yimouren maisulanek –To Life (1994) eta 2015ean Giza Eskubideen Zinemaldia ireki zuen Coming Home (2014) kasu-, eta Jian Zhang-kerekin batera, herrialdeko gizartean izan diren aldaketa sakon eta bizkorren arrastoaren kronista nagusia izaten jarraitzen du. Izan ere, XX. mendeko historiari ere heldu izan dio sarri: japoniarren inbasioa kontatuko digu zeharka Red Sorghum (1988) lanean, eta 20ko hamarkadako familia aberats baten hiribilduan testuinguratu zuen Raise the Red Lantern (1991). Yimouk iraganera bideratu du, beste behin, bere begirada. Haurtzaroko bizipenetan oinarrituta dago One Second, inguruko herrixka eta landa-eremuetako bizilagunak mihise zuri baten bueltan elkartzen ziren Iraultza Kulturalaren garaira hain zuzen ere.

Desertua igarotzen gizon bat azalduko zaigu lehen irudietan. Bakarrik doa, eta ez dakigu zein asmo duen. Lan-esparru batetik ihes egin duen presoa dela jakingo dugu laster, eta erregimenak filmatutako 22.albistegian, egun horretan proiektatuko duten pelikularen aurretik eskainiko duten horretan, urte luzez ikusi gabe duen alaba azaltzen dela kontatuko digu berak propio. Albistegia jasotzen duen zeluloide-kutxa, baina, neskato umezurtz batek lapurtuko du, bere anaiak puskatutako lanpara berreraikitzeko material paregabea baita zeluloidea. Bestalde, herriko proiekzionista nagusiak, Pelikulen Jaunak, lapurtutako kutxa hori ere bereganatu nahiko du, bere zeregina zera baita, filma ezinbestean proiektatzea. Zorrotza, gogorra, baina konprometitua izango da; komunista zintzoa.

Hiru pertsonaia horien gorabeherek osatuko dute istorioa, bere txikitasunean hunkigarria, nahiz eta zenbait gai edo situazio hanka-motz geratu. Beharbada, iheslariak bere alaba aurkituko du albistegian; beharbada, neskatoak lortuko ditu zeluloide metro batzuk, bere anaiari lanpara berreraikitzeko; beharbada, Pelikulen Jaunak lortuko du herritarrak elkartzea… baina itzuli ezinezko egoera batera bideratuko ditu zuzendariak hirurak, eta fotograma batek izan dezakeen garrantziak negar malkotan utziko du ikus-entzulea. Drama hutsa da One Second, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Zinema memoria da, oroitzapena, noizbait zerbait gertatu izanaren froga. Eta ezin hobeto erakutsiko digu Yimouk hori. Segundo bakar batez hilezkor izango gara.

Giuseppe Tornatoreren Nuovo Cinema Paradiso (1988) filmarekin alderaketak egin daitezke hainbat elementu narratibo eta sentsorial partekatzen baitituzte. Baina ez litzateke batere justua izango bata zein bestea parean jartzea. Pelikulen arteko konparazioek kalte baino ez diote egiten zinemari berari, are gehiago, klasiko bilakatu den hori mitifikatu eta antzeko gaiak jorratzen dituzten produkzioak gutxiesteko joera ontzat eman dugunean. Tornatoreren lanaren itzalean gera badaiteke ere, Yimouren filma askoz gehiago da!