Mel Arranzek ikus-entzunezkoetan egin duen lehen sarraldia izan da Azaletik azalera animazio laburra, eta bi urteko lan gogorraren ondotik, eskuratzen gaitza den nazioarteko jaialdi eta publikoetara heltzeko pasea bere egin du, Kimuak katalogoan hautatu baitute proiektua. Gaur, irailak 18, bildumako gainerako proposamenekin batera eskainiko dute Donostia Zinemaldian, industriarentzako prestatutako saioan, Principe zinemetan.

Kontraesanez beteriko bidea egin du, eta zuzendari gisa hartu beharreko erabaki gehienek hausnarketa sakonak eragin dizkiotela kontatu digu Arranzek. Prozesua oso bakartia dela azpimarratzen du etengabe, eta egindako lanaren ostean, esfortzuaren emaitza ikusita, errepikatzeko gogo gutxi geratu zaizkiola. Gainera, urteko euskal film labur esanguratsuenak biltzen dituen katalogorako hautatua izateak ere zalantzak eragiten dizkio (“Zergatik nire filma?”), animaziozko filmen kuota betetzeko hautatu ote duten beldur.

Nolanahi ere, Donostia Zinemaldiko lehen larunbatean Principe zinemetan egin ohi duten pasearen aurtengo ekitaldira hurbilduko da sortzaile gasteiztarra. Katalogoko gainerako lanekin batera proiektatuko dute bertan Azaletik azalera, eta ikusleen erantzuna testatzeko aukera bikaina izango da. Jarraian duzue uztailean izandako elkarrizketaren laburpena.