Donostia Zinemaldiaren 69. edizioan banatuko diren bi Donostia Sarietako lehena jaso du bart Marion Cotillard aktore frantsesak. Kide eta lagun mina duen Penelope Cruz aktorearen eskutik jaso du golardoa, jaialdiari hasiera eman dion irekiera-ekitaldian.

“Ez nuen espero, izugarri maite dut emakume hau”, adierazi du Cotillardek laguna agertokira azaldu eta saria eskaini dionean. Hain zuzen, aktore espainiarrak Cotillarden eskuetatik jaso zuen 2018an zinema frantziarraren César D’honneur saria. Paperak aldatu dituzte, eta pozak besarkatu ditu bi lagunak Donostiako hitzordu berri honetan.

“Eskerrik asko Donostia Zinemaldiari nire ibilbide zinematografikoaren aro berri honetan babesa adierazteagatik”, adierazi du Cotillardek, eta “etorkizun argitsuago bat” lortzeko lanean diharduten gizakien “kemena” txalotu du. Aktorea oso hunkituta agertu zen bere ibilbide arrakastatsua aitortu duen saria jaso duenean.

(Irudia: Alex Abril / Zinemaldia)

Izan ere, ibilbide luzea egina du aktoreak eta askotariko pertsonaiak defendatu ditu urteetan zehar: auskorrak, misteriotsuak, indartsuak… Horiek guztiak izan zituen gogoan atzo arratsaldean prentsaurrean egindako agerraldian. Zinemaren munduan eman zituen lehen urratsak, presio profesionala, arrakastaren argilunak izan zituen hizpide fransetsak, egun erabat gainditu ez dituen aferak: “Film bat hastera noanean bakoitzean oraindik sentitzen dut halako presio bat, gauzak ondo egitearena; pentsa, bada, nola sentitzen nintzen nire hastapen garaietan”.

Berre herrialdeko industria zinematografiko sendoaz galdetua izan zen aktorea, eta herriaren nortasunaren zati handi bat dela onartuta, hausnarketarako tresna izateko beharra ere badela aitortu zuen: ”Frantzia zinemaren herrialdea da. Herriaren nortasunaren zati handi bat dago eraikita kultura honen inguruan, baina, aldi berean, uste dut badagokigula oraindik hainbat konturi buruzko hausnarketa egitea. Hain zuzen, zinemak horretarako aukera zabaltzen digu”.

Halaber, ekoizle gisa aritzeko erabakia hartzearekin batera onartutako ardura eta ekintzaile rola izan zituen hizpide: “Kontziente naiz nire izena agertzen denean foku berezi bat emango zaiola filmari, baina, konpromiso modura baino, laguntasun keinu gisa bizi dut hori. Niretzat ohorea da lagunak ala maite ditudan proiektuak ekoizle gisa babestea”. Izan ere, Donostia Saria jasotzeaz gain, Flore Vasseurrek zuzendutako Bigger Than Us dokumentala aurkeztuko du jaialdian. Filmak klima-aldaketaren eta migrazio-krisiaren aurka borrokatzen duten mundu osoko hainbat aktibista gazte jarraitzen ditu, besteak beste, eta ekoizle papera bete du bertan.