Zuzendari gisa osatu duen lehen laburra da Oihartzunak, eta 2021eko Kimuak katalogorako hautatu zuten filma ekainean. Amaren heriotzak sortutako hutsunea eta haren oroitzapenek berpizten dioten poztasuna kontrajarri nahi izan ditu donostiarrak, eta gaur, irailak 18, industriako kideentzako antolatutako pasean eskainiko dute, 69. Donostia Zinemaldiaren egitarauan.

Zortzi dira urteko euskal film labur esanguratsuenekin osatzen duten Kimuak katalogoko aurtego ordezkariak, eta urtero legez, Donostia Zinemaldiko lehen larunbatean proiektatuko dituzte guztiak, Principe zinemetan egiten duten euskal industriari zuzendutako saioan. Aurtengo pasea, gainera, ohi baino zirraragarriagoa izango da, EPE-APV eta IBAIA euskal ekoizleen elkarteek Zinemaldian banatzen duten euskal zinemagintzaren alorreko pertsonaia ospetsuak nabarmentzeko Zinemira saria Kimuak egitasmoak jasoko duelako. Datorren asteartean, irailak 21, Victoria Eugenia Antzokian egingo duten Euskal Zinemaren Galan izango da hori.

2021eko katalogora etorrita, Aranbururen Oihartzunak laburra ageri da zerrendan. Orain urtebete zendu zen aktorearen ama, eta gurasoen etxera joaten zenean sentitzen zuen hutsuneari emaniko erantzuna da filma. Amarekin zituen oroitzapen dibertigarrien eta penaren arteko lotura egin nahi izan du bertan, aktore gisa ezagutu dituen lankide eta lagunen babesean. Berarekin izan ginen uda hasieran, eta filmaren sortze prozesuaz zein orain arteko ibilbide profesionalaz mintzatu ginen. Jarraian dituzue elkarrizketaren laburpen bideoak.

.