Martxan da 69. Donostia Zinemaldia. Elena Irureta eta Asier Etxeandia aktoreek, eta Anne Igartiburu eta Gayetana Guillén Cuervo aurkezleek gidatutako ezustekoz beteriko saioa iragarri zuten orain egun batzuk saioaren sortzaileek, eta ezin esan agindutakoa bete ez dutenik. Ganorazko hasiera izan du nahi baino neurri zorrotzagoak izango dituen 69. Donostia Zinemaldiak, publikoaren zirraraz, sarituen pozaz eta dantza zein musika emanaldi indartsuez blaituta.

Irekiera-ekitaldiak utzitako irudietako bat. (Argazkia: Donostia Zinemaldia)

2020an distantziaren kontzeptua izan zen inaugurazio-galaren ardatza, eta aurten, aldiz, hainbat hilabetez debekatuta izan ditugun besarkadak izan dira ildo nagusia. “Hezur-haragizko izakiak gara, hezur-haragizko gura eta irrikekin. Horregatik hasperen egin dugu eta hasperen egiten jarraitzen dugu, azken hilabeteotako bereizketa amaigabearen ondoren berriz ere elkartu gaitezen. Izan gaitezen positiboak eta pentsa dezagun horrela: zenbat eta gehiago itxaron, orduan eta goresgarriagoak izango dira besarkadak”.

Gidoiaz harago, hitzak laguntzeko Morgancrea ekoiztetxeak sortutako bideo proiekzioetan ere egon zen presente besarkada kontzeptua. Jon Maya dantzari eta koreografoak gidatuko du antzezlana, eta Harkaitz Canok eta Ane Garciak prestatu dute gidoia. Haiekin batera, Luis Mari Moreno Urretavizcaya ‘Pirata’ aritu davmusika-zuzendari.

Oroimenerako uneak izan ditu ere ekitaldiak, omenaldirako bezainbeste. Orain gutxi zendutako Bertrand Tavernier izan dute gogoan, irudi bidez zein Lumière Institutoko Thierry Frémauxen hitzetan. Bestetik, bestetik, Luis Gasca Donostia Zinemaldiko zuzendari ohia, herri-kulturaren ikerketaren aitzindari eta genero-zinemaren maitale, izandakoari egin dio gorazarre proiektatu duten beste bideo pieza batek. Halaber, TVEko Días de cine programa omentzeko (aurten hiru hamarkada beteko baititu), FIPRESCI Sari Nagusia –Nomadland filmari (Chloé Zhao, 2020)- eta lehen Donostia Saria emateko ere baliatu dute ekitaldia.

Donostia Zinemaldiaren 69. edizioari ofizialki hasiera emateko, Yi miao zhong / One Second filma proiektatu dute. Honela, Zhang Yimou lehen aldiz arituko da lehian Urrezko Maskorra lortzeko. Lan kontuak direla eta zuzendari txinatarrak ez du jaialdira etortzeko aukerarik izan, baina bideo bat bidali du ikus-entzuleak agurtzeko. Hain zuzen, filmak bere haurtzaroko garaia ekarri du gogora, zinemara joatea “festa” komunitario bat zenean. “Pandemia dela eta, azkenaldian ezin izan ditugu filmak elkarrekin ikusi. Horregatik, One second are hunkigarriagoa da gaur egun”, azaldu zuen.

Yimouren filmaren emanaldiaren aurretik, Rosa rosae. La Guerra Civil / Rosa rosae. A Spanish Civil War Elegy laburra poriektatu dute ere, Carlos Saurak zuzendutakoa.

Lehen urratsak hartuta, hilaren 25era arte luzatuko den martxari ekin dio jaialdiak. Egun hauetan, 184 film luze, labur, ertain eta telesail izango dira ikusgai, hiriko txoko ezberdinetan egingo dituzten 490 emanalditan banatuak. Horien guztien osagarri, oparoa izango da ere industria-jardueren programazioa.

Goooooozatu!