Sei izango dira jaialdiaren laguntzaile ofiziala den Amenabar enpresaren babesarekin 69. Donostia Zinemaldian eskainiko dituzten haurrentzako proposamenak. Zineuskadi elkartearen Zinema Euskaraz programaren bidez euskarara ekarritako filmak dira guztiak, tartean, Bihurri, jauretxetik kale gorrira (Kevin Johnson, 2019) animazioa.

Helduentzako eskaintza zabalaz gain, Donostia Zinemaldiak haur eta gaztetxoentzako programazioa bermatzeko ahalegina egiten du urtero. Zineuskadi elkarteak Zinema Euskaraz programaren bidez, urtean zehar estreinatutako hainbat film berreskuratuko dituzte, eta jaialdiko asteburuetan, larunbat zein igande, Principe zinemetan izango dira ikusgai.

Ondorengoa izango da aurtengo programazioa:

  • Koko, dragoi txikia. Anthony Powerrek su eta gouret dragoien tribuen arteko lehen opor bidaia du hizpide 2018an estreinatu zuen proiektuan. Irailaren 18an, larunbata, Principe zinemetan emango dute, 12:00etan.
  • Elfkinak. 200 urte baino gehiago egin dituzte lur azpian elfkinek, eta Elfie, Kipp eta Buck gazteek lurrazalera igotzea erabakiko dute, gizakiekin harremanetan jartzeko. Ute von Münchow-Pohl alemaniarraren 2020ko filma irailaren 18an, larunbata, Principe zinemetan emango dute, 17:00etan.
  • Bihurri, jauretxetik kale gorrira. Kevin Johnsonek gidatutako filmeko protagonista da Bihurri txakurra. Bere jabe aberatsa hil egingo da bat-batean, eta hiri handiko kaleetan bakarrik bizitzen ikasi beharko du, Zoe neskatoak etxera eramango duen arte. Irailaren 19an, igandea, Principe zinemetan emango dute, 12:00etan.
  • Stardog & Turbocat. Ben Smithen 2020ko filmak txakur leial baten eta katu justizia-betetzailearen bidaia espaziala erakutsiko du, etxerako bidea topatu nahiko baitute. Film britainiarra irailaren 19an, igandea, eskainiko dute Principe zinemetan, 17:00etan.
  • Boonie Bears: Abentura historiaurrean. Leon Ding txinatarraren 2020ko proiektuak, aldiz, iraganaean harrapatuta dauden animalien abentura izango du hizpide. Hala, Briarrek gerlari ausart bihurtzeko asmoa duen Feifei otso gaztea topatuko du. Irailaren 25ean, larunbata, Principe zinemetan emango dute, 12:00etan.
  • Dragoiaren gidaria. Tomer Eshed alemaniarrak Zeruaren Hertzaren bila abiatuko diren Firedrake zilarrezko dragoiaren eta Sorrel adiskidearen istorioa aurkeztuko zuen 2020an. Irailaren 25ean, larunbata, Principe zinemetan emango dute, 17:00etan.

Filmen inguruan informazio gehiago eskuratzeko eta sarrerak hartzeko, sartu Donostia Zinemaldiaren webgunean.