Urtebetez izkin egin badiot ere, eskuineko hankari lotuta nabari dut neke pandemikoaren katea. Heldu da iraila, zinemaren hilabetea, eta jokoz kanpo eta arrotz harrapatu nau lehen aldiz azken 10 urteetan.
Uda oso bat daramagu Zinemaldiko estimuluak jasotzen. Etenik ez duen prentsa oharren segida, sarituak, filmak, elkarlanak, gonbidatuak; beste jaialdietan hautsak harrotu ostean, gurean jasoko ditugun nazioarteko film galdu ezin horien zerrenda; hasi lana aurreratzen, lotu zazpi elkarrizketa, programatu edukiak eta osatu jarraitu beharreko emanaldien puzzlea. ‘A’, ‘B’, ‘C’… planak diseinatu, sarrerak lortzeko gose janak abiatzen direnean, erredaktore soil izateak duen desabantaila horrek kalterik egin ez diezaion gauzatu nahi zenukeen lan duin horri. Uda oso bat daramagu…
Kalean ere nabari da. Ohi baino garbiago dago Kursaal ingurua -urte osoan zehar hiria egiten dugun gainerako donostiarrok iraileko dirdira hori mereziko ez bagenu bezala; badakizue zertaz ari naizen- ; kaleak hartzen dituzten terrazen zabalera modu susmagarrian handitu da, eta kafesnea majo ordaintzen hasi gara auzo zein aldirietan. Badator, eta badakite.
Uda oso bat daramagu Zinemaldiaren orbitan bueltaka, baina ni lurrazala jo duen meteoritoa sentitzen naiz aurten.
Zinemaldiak badu bere zera hori, kanpotik ulertu ez, baina, barruan harrapatzen bazaitu, bere egiten zaituena. Urteak dira ni neu harrapatu ninduela, eta onartu beharra daukat kendu didan loa eta denbora baino esperientzia eta poz gehiago eman izan dizkidala beti. Zinelisto gehiegi gaude hemen, bai. Gogaikarriak gara batzuetan (gehiegitan, oso maiz), onartzen dut, baina erretzaileek baino kalte gutxiago egiten diogu mundu honi.
Kontua da aurten ez dudala betiko zirrara hori sentitzen, pausatu naiz. Izan daiteke bizi dugun egoera distopikoaren oinaze, izan daiteke nekea eta ilusio falta dela eta, nik neuk gerturatzeko ahaleginik egin ez izana. Baina ez dut horrela sentitzen. Erabaki multzo batek ekarri nau honaino, eta tristuraz idazten ditut pozaren isla behar luketen lerro hauek.
Triste nago behin hain gertuko izan nuen etxe honek ez dituelako nire hizkuntza eskubideak behar bezala defendatu. Arduratuta nago, bai, euskarak 69. edizioa izango den honetan izango duen presentzia eskasarekin. Hauexek datuak: programatutako 511 emanaldietatik 27 izango dira jatorriz euskaraz, elebitan ala hiru eletan. Aldiz, 33 saiotan jarriko dituzte euskarazko azpidatziak. Guztira, beraz, emanaldien % 11 izango da euskaraz, eta gazteleraz ala gaztelerazko azpidatziekin, saio guztiak.
Ez dut jada baretu den polemika berpizteko asmorik, baina penatuta nago, oso, zinez uste dudalako jaialdiak (eta bere orbita sutsuak) ez dituela nik hainbeste miresten ditudan emakume* profesionalen uste eta iritziak errespetatu. Beste behin, gizonak ikusi ditudalako zuzenean emakumeoi* eragiten diguten erabakiak hartzen eta defendatzen. Etikaz mintzatzen eta ardurak saihesten, modu paralelo eta birtualean gertatzen ari ziren erasoen aurrean entzungor egiten zuten bitartean.
Badator 69. Zinemaldia, eta ez diot izkin egingo. Salto egingo dut zirrararen putzu handi honetara, eta gozatuko dut, seguru. Eutsiko diet nire filmen zerrendatxoari, nire ardura eta hitzordu profesionalei, eta gozatuko dut euskal zinemak eta kazetaritza lanak beste urte batez eskaini didaten pribilegioarekin. Nire aletxoa jarriko dut, 2022an “neureagoa” izan dadin jaialdia; 8 egun zoro hauetatik kanpo ere euskal zinema egiten dugunontzat etxea izan dadin.