Heldu da 69. Donostia Zinemaldia! Gaur, irailak 17, 21:00etatik aurrera Kursaal Auditoriumean egingo duten galak emango dio hasiera bederatzi eguneko zinemaren jaiari. Harkaitz Cano idazle eta gidoilaria arduratu da, beste behin ere, saioaren gidoia osatzeaz, Ane Garciak lagun, eta Jon Maya dantzari eta koreografoak zuzenduko du emanaldia. Antolatzaileen hitzetan, besarkadak izango dira aurtengo galaren protagonista nagusiak, Marion Cotillard aktoreari emango dioten Donostia Sariarekin batera.

Elena Irureta eta Asier Etxeandia aktoreek, eta Anne Igartiburu eta Gayetana Guillén Cuervo aurkezleek ezustekoz beteriko saioa gidatuko dute gaur iluntzean, pandemiaren eraginez, nahi baino neurri zorrotzagoak izango dituen 69. Donostia Zinemaldiaren irekiera ekitaldian. Besteak beste, Kukai dantza konpainiaren pieza koreografikoak eta Zea Mays musika taldearen emanaldia eskainiko dituzte. “2020an distantziaren kontzeptua izan zen inaugurazio-galaren ardatza, baina urtebete geroago, Marion Cotillard aktore frantziarrak jasoko duen Donostia Sariarekin batera, besarkadak izango dira protagonistak Kursaalen”, adierazi dute antolatzaileek.

Jon Maya dantzari eta koreografoak gidatuko ditu jaialdiaren irekiera eta itxiera ekitaldiak, eta gidoia Harkaitz Canok eta Ane Garciak prestatu dute. Haiekin batera, Luis Mari Moreno Urretavizcaya Pirata jardungo da musika-zuzendari. Canoren aburuz, “Irekiera galak berak, eta Zinemaldiko film bakoitzak, nahi baino gehiago atzeratzen ari zaigun besarkada horretara iristeko falta zaigun tartea txikitzen laguntzea gustatuko litzaiguke”.

Ekitaldiaren amaieran jasoko du Marion Cotillard aktoreak Donostia Saria, eta horrez gain, Zinemaldiarekin lotura estua izan duten eta berriki zendu diren bi laguni egingo diete omenaldia: batetik, 70eko eta 80ko hamarkaden artean jaialdiaren zuzendari izan zen Luis Gascari, eta bestetik, Bertrand Tavernier zinemagile handiari. Era berean, FIPRESCI Sari Nagusia berreskuratuko dute, eta 30 urtetik gora dituen TVEko Días de Cine saioari aitortza egingo diote. Antonio Banderas aktoreak eta Emmanuel Carrère gidoilari eta zinemagileak ere ekitaldian parte hartuko dutela baieztatu dute.

Irekiera filma

Amaitzeko, Carlos Saura zinemagilearen Rosa rosae. La Guerra Civil film laburra proiektatuko dute lehiaz kanpo, eta Zhang Yimou sortzailaren Yi miao zhong / One Second luzea izango da ikusgai segidan, bigarren hau, Sail Ofizialean lehian. Saioa TVEren La 2 katean, ETB1en, eitb.eus atarian eta Zinemaldiko webgunean jarraitzeko aukera izango da zuzenean.