Eulalia Abaitua argazkigintzan aitzindari izandako bizkaitarraren inguruan ardaztutako Norberaren gela dokumentala osatu dute Ainhoa Urgoitiak eta Enrique Reyk, eta irailaren 29tik urriaren 10era egingo duten 30. Festival de Cine de Madrid jaialdian estreinatuko dute. XIX-XX. mendeetan bizi izandako sortzailearen eta egungo hainbat euskal argazkilariren arteko elkarrizketa da.

Lehen emakumezko argazkilari euskalduna izan zen Abaitua. 1853an jaio zen Bilboko familia burges batean, eta gaztea zela, Liverpoolera joan ziren. Erresuma Batuan ezagutu zuen argazkilaritza, eliteen artean zabaldu zen pinturaren alternatiba, eta 1878an, Bilbora itzuli zenean, Pino jauregiaren sotoan jarri zuen laborategia. Orduak eman zituen kamerarekin hartutako irudiak aukeratzen, eta erreportari grafiko baten gisara, Bilboko eta Begoñako herritarren erretratuen galeria osatu zuen. Hiriko argazkiak, landa eremukoak, Nerbioi itsasadarraren ertzetan hartutako garbitzaile eta bainularien irudiak… baita etxeko intimitatean hartutako argazki ederrak ere.

Bada, Visibles (2018), Cosiendo Futuros (2019) eta Margolan bat oparitzen didazu? (2020) lanen egile Ainhoa Urgoitak eta Enrique Reyk, argazkigintzaren historiako emakumeei buruzko informazioa biltzen ari zirela, Abaituaren historiarekin egin zuten topo, eta historiako liburuetan agertzen ez diren garaiko emakumeen perfila betetzen zuela ikusirik, haren inguruko dokumentala prestatzea erabaki zuten. Talde teknikoari dagokionez, Jone Novo Olea y Marta F. Pisonero arduratu dira argazki zuzendaritzaz, Nerea Alberdik jarri dio musika, eta Bittor Gonzalezek egin du filmaren muntaia. Bitart New Media arduratu da, ostera, ekoizpenaz.

Norbere gela, baina, ez da Abaituaren inguruko biopic bat, sortzailearen eta egungo emakumezko argazkilarien arteko elkarrizketa baizik. Maite Jimenez Ochoa de Alda, Josu Zaldibar, Jokin Aspuru, Erika Barahona, Maied Urrutia, Elssie Ansareo, Jose Pablo Arriaga, Nagore Legarreta eta Aitziber Orkolaga argazkilarien parte-hartzea du proiektuak.

Estreinaldia, Madrilen

Lanak irailaren 29tik urriaren 10era egingo duten Festival de Cine de Madrid jaialdiaren 30. ekitaldian ikusiko du argia, sail ofizialean lehiatzeko hautatua izan baita, Zinemagile Berrien Plataformaren atalean. Beste bost proiekturekin batera lehiatuko da, eta film laburren artean Estibaliz Urresolaren Polvo somos eta Marina Palacioren Ya no duermo euskal ordezkariak izango dira.

Informazio osagarria proiektuari buruzko webgunean jarri dute eskuragai.