Ostiralean, hilak 17, abiatuko dute Euskal Herriko ikus-entzunezko gertakizun garrantzitsuena den Donostia Zinemaldiaren 69. edizioa, eta bederatzi egunetan eskainiko dituzten 511 emanaldien % 11 soilik izango da euskaraz (batzuk eleanitzak) ala euskarazko azpidatziekin. Pantailak Euskaraz mugimenduaren aburuz, “nekez uler daiteke hainbeste diru publikorekin ospatzen den ekitaldi honetan, bi hizkuntza ofizial dauden lurralde batean, euskarak, eta beraz, euskaldunok, horrelako diskriminazioa jasatea”.

Euskarak ikus-entzunezkoetan duen presentzia eskasarekin arduratuta dauden hainbat herri ekimenen elkarketatik sortu zuten Pantailak Euskaraz mugimendua iragan udaberrian. Sei dira honen atzean dauden proiektuak: Streaming plataformetan euskara sustatzeko helburuz sortutako Netflix euskaraz eta Disney+ euskaraz herri ekimenak, 25 urtez aretoetan euskarazko filmak eskaintzen aritu den Tinko Euskara Elkartea, bikoiztaileen murrizketei aurre egiteko orain hiru urte sortutako BIEUSE elkartea, zinemetan euskarazko edukiak bultzatzeko Zinemak Euskaraz kanpaina eta bideo-jokoen munduan euskara indartzea helburu duen Game Erauntsia mugimendua.

Datorren ostiralean, irailak 17, abiatuko duten Donostia Zinemaldiaren 69. edizioaren atarian, euskarak jaialdian izango duen presentzia aztertu dute. Izan ere, emanaldiei, ikusle kopuruari zein festibalak bertan eta nazioartean duen oihartzunari dagokionez, Euskal Herriko ikus-entzunezko ekitaldirik indartsuena da. Bada, programatutako 511 emanaldietatik 27 izango dira jatorriz euskaraz, elebitan ala hiru eletan. Aldiz, 33 saiotan jarriko dituzte euskarazko azpidatziak. Guztira, beraz, emanaldien % 11 izango da euskaraz, eta gazteleraz ala gaztelerazko azpidatziekin, saio guztiak, Zinemaldiko araudiaren 6. artikuluak hala agintzen duelako.

Sailez sail egindako azterketaren arabera:

  • Sail Ofiziala: 106 emanalditik, 6 dira jatorrizko bertsioan euskaraz.
  • New Directors: 53 emanalditik, 12 euskarazko azpidatziekin.
  • Horizontes Latinos: 41 emanalditik, 2 euskarazko azpidatziekin.
  • Zabaltegi: 75 emanalditik, 4 jatorrizko bertsioan eta 8 euskarazko azpidatziekin.
  • Perlak: 84 emanalditik, 0 euskaraz.
  • Nest: 15 emanalditik, 0 euskaraz.
  • Culinary Zinema: 17 emanalditik 2 euskarazko azpidatziekin.
  • Made in Spain: 16 emanalditik, 0 euskaraz.
  • Zinemira: 35 emanalditik, jatorrizko bertsioan euskaraz 8, eta jatorrizko bertsioan elebitan 7.
  • Haurrentzako saioak: 6 emanalditik, 6 euskaraz.
  • Atzera Begirakoa (Koreako Zinema): 24 emanalditik, 4 euskarazko azpidatziekin.
  • Elkarrizketak: 7tik 0.
  • Klasikoak: 6tik 0.
  • Galak eta gainontzeko atalak: 24tik 0 (sarituen artean euskarazkoren bat egon daiteke)

Datuak eskutan, euskaldunok jasandako diskriminazioa salatu nahi izan du mugimenduak, eta 40 urtetik gora dituen Euskararen erabilera normalizatzeko 10/1982 Legearen 25. artikuluan zehaztutakoa (“Jaurlaritzak neurriak hartuko ditu bi hizkuntza ofizialen erabilera arian-arian berdintzeraino”, tartean zineman eta ikus-entzunezko grabazioetan) betetzetik oso urrun gaudela nabarmendu dute. Era berean, gogoratu dute urte osoan zehar aretoetan estreinatzen diren filmen % 1 inguru soilik izaten dela euskaraz, eta streaming plataforma digitaletako filmen % 0,1 baino gutxiago. Aldiz, hamaika ikerketa soziolinguistikoren emaitzen argitan, aisialdiko esperientziek harreman zuzena dute hizkuntza ohiturekin, eta gaur egun, D ereduan ikasten duten ikasleen euskara maila ez dago bermatuta.

Horregatik, herritarrei dei egin diete Pantailak Euskaraz mugimenduaren atariko sinadura kanpainekin bat egitera, eta euskalgintza eta ikus-entzunezko alorretako eragileei Euskarazko Ikus-entzunezkoen Aldeko Manifestuaren osaketa prozesuan parte hartzeko gonbita luzatu diete.