David Perez Sañudok zuzendutako Ane (2020) film arrakastatsuak albiste onak pilatzen jarraitzen du hartutako nazioarteko ibilbidean. Berriki ezagutu dugu Tolosako (Okzitania) Zinema Espainiarraren Jaialdian eta Bruselako Bozar zentroko egitarauan parte-hartuko duela.

Arrakastak ez du etenik. Kaleko giroak gaiztutako egunerokoan, Lide eta Ane ama-alaben arteko harremana du oinarri ikus-entzunezkoak, eta estreinaldirako etxea  izan zuen Donostia Zinemaldian bertan Euskal Gidoi Onenaren eta Euskal Zinemaren Irizar sariak eskuratuz hasi zuen ibilbidea.

David Perez Sañudoren proposamen hau bost kategoriatan izan zen hautagai Espainiar Zinemagintzaren sari nagusietan, eta horietatik hiru eskuratu zituen. Patricia Lopez Arnaizek emakumezko aktore protagonista onenarena jaso zuen, Akelarre filmean egindako lanagatik hautagaia zen Amaia Aberasturi gazteari aurrea hartuta. Jone Laspiurrek emakumezko aktore berri onenaren kategorian lortu zuen berea, eta Perez Sañudok berak eta Marina Pares Pulidok egokitutako gidoi onenaren aintzatespena jaso zuten.  Halaber, Gasteizen ospatu zuten Euskal Zinemaren 37. Asteko garaikur nagusia lortu zuen, eta film horretan egindako lanagatik nabarmendu zuten López Arnaiz protagonista Uno de los Nuestros sariarekin.

Etxeko uzta jasota, nazioarteko ibilbideari ekin dio azken hilabetetan eta plaza ugari izan ditu erakusleiho. Urri hasieran emango ditu hurrengo urratsak; izan ere, Tolosako (Okzitania) Zinema Espainiarraren Jaialdian proiektatuko dute filma, urriaren 2an, 4an eta 8an Gaumont Wilson aretoan egingo dituzten emanaldietan. Bi atal desberdinetan lehiatuko da proiektua: Compétition Fictions eta Compétition Nouveaux Cinéastes.

Hilaren 4an, aldiz, Bruselako Bozar erabilera anitzeko kultur-espazioan emango dute filma, MIRADAS – Spain on Film zikloaren kontestuan.

Irakurri hemen Ixone Santamaria Vidan kritikariak fimari eskainitako iruzkina.