Urriaren 22tik 31ra bitartean egingo dute ZINETIKA jaialdiaren edizio berria, seigarrena, Iruñeko, Donostiako eta Bilboko egoitzetan. 23 filmez osaturiko programazioa aurkeztu berri dute, hiru atal nagusietan banatuko dena: Sail Ofiziala, Open Screen eta Zinetiks.
Bideo-dantzako film laburretan, performancean, lantegietan eta masterclassetan oinarritutako diziplinarteko ZINETIKA jaialdiaren antolaketa lanak aurrera doaz. Kudeaketa osoa egiteaz arduratzen den El Trastero Creativo elkarteak aurreratu zituen lehen zertzeladak iragan maiatzean, VI. edizioaren kartela ezagutaraztearekin batera, ekimenaren data ere iragarri zutenean. Edukien txanda heldu da orain, eta ezagutu dugu 23 filmek osatutako programazio zinematografikoak gorpuztuko duela jaialdia.
Hiru lehiaketa atal nagusietan -Sail Ofiziala, Open Screen eta Zinetiks- banatu dituzte lanok, eta jaialdiaren egoitza nagusietan izango dira ikusgai: Iruñeko Baluarten, Donostiako Kutxa Kultur-Tabakaleran eta Trueba zinemetan, eta Bilboko BilbaoArten. Konfinamendua, errutina, bideojokoak, geometria, bereizkeria, denboraren iragaitea, arkitektura, poesia-ekintza, topaketa, esperimentazioa… bezalako gaiak jorratzen dituzten obrak dira, jatorri anitzekoak: Argentina, AEB, Frantzia, Ekuador, Brasil, Errusia, Britainia Handia, Herbehereak, Australia edo Espainia.
Berritasun gisa, gainera, Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiak bultzatutako DNA programaren jarduera biltzen duen dokumentala programatuko da.
Amaitzeko, jaialdiak laster iragarriko dituen performance, masterclass, instalazio edo lantegien berri eman dute ere.
Ezagutu atalez ataleko programazioa, hemen.