Alex de la Iglesia zinemagile bilbotarraren Veneciafrenia (2021) pelikulak inauguratuko du Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 32. Astea. Urriaren 29tik azaroaren 5era ospatuko da, eta hilabeteren faltan aurreratu dituzte hartuko dituen edukien lehen zertzeladak.

Fantasiazko generoari eskainitako urteko film luze eta film laburrik nabarmenen lagin baten erakusleiho izango da beste urte batez jaialdi donostiarra, eta Donostia Zinemaldiaren atarian hasi dira egitarauaren lehen ezaugarriak aletzen. Hain zuzen ere, film luzeen aurrerapena zabaldu dute gaurkoan, mostra zabalduko duen Veneciafrenia (2021) filmetik abiatuta.

Gizakiak behatzen duena imitatzen du. Farorik distiratsuenak erakarritako eltxoen antzera, planetako hiririk ederrenaren argia itzaltzen ari dira turistak. Azken hamarkadetako agoniak haserrea piztu du veneziarren artean,  eta inbasio gisa sentitzen duten horren aurrean, bizirauteko senak bultzatuta antolatu dira batzuk. Bien bitartean, Espainiako turista talde bat Veneziara joango da oporraldi atsegina igarotzeko asmoz, bertako arazoen ezagutza izpirik gabe. Bertara iritsi, eta borrokari ekin behar izango diote euren bizitzak salbatzeko.

Alex de la Iglesiak eta Jorge Guerricaechevarriak idatzia, aktore hauek ditu protagonista: Ingrid Garcia-Jonsson, Silvia Alonso, Goize Blanco, Nicolas Illoro, Alberto Bang, Cosimo Fusco, Enrico Lo Verso, Armando De Razza, Caterina Murino eta Nico Romero. Naturan lotura bereizezin bat dago edertasunaren eta heriotzaren artean. Filma Zinema Astearen inaugurazio ekitaldian izango da ikusgai, urriaren 28an.

Ondorengo filmek osatuko dute aurkeztu duten filmen aurrerapena:

  • Apps (Lucio A. Rojas, José Miguel Zuñiga, Sandra Arriagada, Camilo Leon eta Samot Marquez, 2021).
  • Belle (Ryu to sobakasu no hime | Mamoru Hosoda, 2021)
  • Beyond the Infinite Two Minutes / Droste no hate de bokura (Junta Yamaguchi, 2021).
  • Caveat (Damian Mc Carthy, 2020)
  • The Deep House (Alexandre Bustillo & Julien Maury, 2021)
  • The Medium (Banjong Pisanthanakun, 2021)
  • Prisoners of the Ghostland (Sion Sono, 2021)
  • The Sadness (Rob Jabbaz 2021)
  • The Seed (Sam Walker, 2021).
  • Yellow Dragon’s Village / Koryu no Mura (Hugo Sakamoto, 2021)..
  • Historias para no dormir Chicho Ibáñez Serradorren telesail espainiar enblematikoaren reboota da. Estreinatu zenetik berrogeita hamar urte igaro direnean, Rodrigo Cortések, Rodrigo Sorogoyenek, Paco Plazak eta Paula Ortizek zuzendu dituzte antologia berri honen lau atalak, jatorrizko telesailaren istorioen bertsio eguneratuak. Jaialdian Freddy (Paco Plaza) eta El asfalto (Paula Ortiz) proiektatuko dituzte.