Hiriko Zinemaldi ofizialarekin paraleloan, bestelako norabidea hartuko du 13. (8 + 5) Zinemaldi Alternatiboak. Ostiralean, hilaren 17an, abiatuko dute ere, eta hilaren 26ra bitartean egingo dituzten sei saio eskainiko dituzte, guztiak aire librean.

2006an Donostiako Parte Zaharreko Gazte Asanbladarekin batera lehen edizioa antolatu zutenetik, “erresistentzia eta disidentzia askotarikoen bozgorailu” izan da Zinemaldi Alternatiboa, eta zinema, gozamena, kritikotasuna eta aldarrikapenaren uztartzea izan ditu helburu urtez urte. Lehen edizioa izan zenetik hiru urteko etenaldia igaro ostean, 2010ean Groseko Kortxoenea gaztetxeak berreskuratu zuen, eta etenik gabeko eskaintza alternatiboa eskaini dute ordutik, proiekzioak egiteko hiriko gune eta proiektu autogestionatuez baliatuta.

Bada, oso osorik kaleak hartuta ospatuko duten edizioa izango da zortzigarrena. Izan ere, saio guztiak aire librean antolatuko dituztela izango da aurtengo berritasun nagusia, datozen urteetan sakondu nahi luketen bide berri bat hautatuz. Ostiralean, hilaren 17an, egingo dute lehen saioa, eta hurrengo igandean, hilaren 26an, itxiko dute egitaraua. Sei emanaldiko egitaraua izango da, orotara:

  • Irailak 17, ostirala. Sin Tu Permiso (Esther Galvan Rubio, Carolina Herrero Schell, Marina Lopez Baena, Ana Martinez Martin, 2020) dokumentala, Antiguako Txantxarreka gaztetxean. Jarraian, solasaldia egingo dute.
  • Irailak 18, larunbata. Rame pour ta planète (Sabina Hourcade, 2020) dokumentala, Saguesko frontoian. Marruma Kulturalak egitasmoaren eskutik, solasaldia egingo dute gero filmaren zuzendaria eta Antondegi Berdea plataformako kideekin.
  • Irailak 23, osteguna. Nosotras, mujeres de Euskalduna (Larraitz Zuazo, 2016) dokumentala, Saguesko frontoian. Groseko Asanblada Feministaren eskutik, solasaldia eta Bitsa fanzinearen aurkezpena egingo dituzte jarraian.
  • Irailak 24, ostirala: Tijera contra Papel (Gerard Escuer, 2018) dokumentala, Intxaurrondoko Letaman gaztetxean. Piztu Donostiako kideak arduratuko dira aurkezpena egiteaz.
  • Irailak 25, larunbata: Africa en Cinecicleta (Juan Zavala, 2019) dokumentalaren aurkezpen berezia, Trinitate Plazan. Sorkuntza Txokoaren eskutik, solasaldia egingo dute ondoren Juan Zavala zuzendariarekin, eta Carmelo Lopez zein Isabel Segura protagonistekin.
  • Irailak 26, igandea: Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa (Bertha Gaztelumendi, 2019) dokumentala, Egiako Gladys Enea parkean. Jarraian, solasaldia Bertha Gaztelumendi eta Sabino Ormazabal zuzendariekin.

Horrez gain, Zinemaldi Alternatiboak Johnny Depp aktoreak jasoko duen Donostia Sariaren inguruko hausnarketa plazaratu du:

“Donostiako Zinemaldiak (eta beraz bere patronatua osatzen duten Donostiako Udalak, Gipuzkoako Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Kultur Ministerioak) sari bat ematea erabaki dute indarkeria matxista leporatu zaion aktore bati. Are larriagoa da emakume aktoreek erabakia kritikatu ostean Josu Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eginiko adierazpenak. Barkamena eskatu eta erabakia zalantzan jarri beharrean, bere gizontasuna puri-purian adierazi zueen “zinema jaialdi baten funtzioa ez dela industriako kideen jokabideak epaitzea”. CIMA emakumezko zinemagile espainiarren elkarteak adierazi zuen bezala, “oso leku txarrean uzten du jaialdia eta bere zuzendaritza, eta mezu beldurgarria helarazten dio gizarteari: ‘Aktore ona bazara, bost axola tratu txarrak egin badituzu”. Penagarria. Arestian esan bezala, Zinemaldi Alternatiboaren helburuetako bat bizi ditugun egoeren aurrean gogoeta kritikoa eragitea da, eta, hain zuzen ere, horregatik aurtengo edizioan ez dugu aipagai dugun eztabaida alboratu nahi izan, eta gure ekarpen txikia egingo dugu Sin tú permiso (2020) edo Groseko Asanblada Feministaren eskutik proiektatuko dugun Nosotras, mujeres de Euskalduna (2016) dokumentalekin”.